2021-04-08

Adostasunik gabe ez dela posible kalitatezko osasun publikoa bermatzea uste du EH Bilduk



EH Bilduk Tolosaldeko Alkateen Mugimenduari babesa adierazi dio, eta Osasun sailari eskualdeko eskariak aintzat har ditzala eskatu dio.

EH Bilduk esan du erabat babesten duela Tolosaldeko Alkateen Mugimendua, eta ekimenaren helburuekin bat datorrela. «Eskualdean osasungintza publikoaren arloan dagoen hutsunea betetzeko helburua ezarri dio mugimenduak bere buruari, eta bertan, aktiboki ari dira parte hartzen gure alkateak», esan du Gurutze Etxezabal EH Bilduren Tolosaldeko arduradunak.

Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Tolosako anbulatorioan egin duten agerraldian, Etxezabalek beharrezkotzat jo du osasungintzaren eredua zehaztu eta adostasunak lortzea: «Tolosaldearen beharrak zeintzuk diren aztertu eta balizko ospitale horren egitura zehaztu behar da. Era berean, Asuncion ospitaleko langileekin zer gertatuko den jakiteko, adostasunak bilatu beharko dira langileen ordezkariekin eta komitearekin. Eta gauza bera egin beharko da ospitalearen kokalekuarekin ere».