Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea 2021-05-11 (TOLOSALDEKO ATARIA)
Tolosarrei emandako hitza beteaz, hilabeteak daramatzagu lanean eta urrats sendoak egin ditugu azkenaldian, eskumena duen erakundearekin, Eusko Jaurlaritzarekin, elkarlanean Tolosako eta eskualdeko beharretara egokitutako ospitale publikoa eraikitzeko. Horixe baita gure konpromisoa eta apustua.
Lehentasun eta helburua da ospitale berria Tolosan kokatzea; eskualde-buru izateaz gain, duela urte batzuetatik hona eskualdeko ospitalea ere gurean kokatuta egon delako, eta beraz, zentzuzkoena litzateke ospitale berria Tolosan kokatzea, biztanle gehien dituen herriari zein eskualde osoari zerbitzua emateko, Tolosak Tolosaldeari beste hainbat alorretan eskainitako zerbitzuen sorta osatuz: Lanbide Heziketa, adineko pertsonen zerbitzu eskaintza, epaitegiak, ogasuna, suhiltzaileak...