«Ez dauka eskualdeko ospitale baten Plan Funtzionalaren itxurarik»
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak deituta, 'Osakidetza desegitearen aurka, osasun publikoaren defentsan' lelopean, elkarretaratzea egin dute Trianguloa plazan; herritar ugarik egin du bat deialdiarekin.
TOPA plataformak 12 urte daramatza honako eskubidea aldarrikatzen: «Hemen jaso nahi dugun osasun arretak EAEko gainerako eskualdeek jasotzen dutenaren antzekoa izan behar du».
Azken urteetan, lehen arretaren kalitatea «jaisten» ari dela nabaritu dute. «Eta itxura guztien arabera, ez daukate egoera hau hobetzeko asmorik».
Azken aldian, zenbait arrazoi tarteko, Osasun Saila «albiste txarren eta istiluen iturri» dela adierazi dute, eta horrek balio izan diela herritarrei «garai batean euskal oasia izendatu zena egiaztatzeko» edo «Eusko Jaurlaritzaren altxorrik preziatuena» izan zena, «harri-kartoizko dekoratu bihurtu dela konturatzeko». Osasun Sailak han eta hemen arazoak dituela esan dute: «Bidasoan, Basurton, Santiagon, Onkologikoan, eta azken errematea: Donostialdeko ESIko zuzendaritzan izan diren kargu-uzteak eta dimisioak».