Kale garbiketarako ordenantzaren bitartez ezarritako panelak kentzea eskatuko dute, besteak beste, gaur iluntzerako Tolosako Udalak deituriko bilkuran.
 |
Hainbat eragiletako ordezkariak elkartu ziren kultur etxean eskainitako agerraldian. |
2011. urtean onartu zuen, Tolosako Udalak, kale garbiketaren inguruko ordenantza. Testuak biltzen zituen neurriak pixkana ezartzen ari da, orain, erakundea eta, neurri horietako zenbaitek "ezinegona" sortu du herriko gizarte eragile batzuen artean. Horrela, informazio kartelak itsasteko ezarritako panelen sistema desegokitzat jo dute, besteak beste.
Guztion Tolosa izena hartuta, ELA, LAB, EHNE, Ernai, Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasuna, TOPA, Bilgune Feminista, EH Bildu, Amarozko auzo elkartea, Sortu, Sanblaspiko gazte asanblada, AHT Gelditu elkarlana, Stop Desahucios, Aralar, Tolosako Gazte Asanblada, Tolosako Zero Zabor, Podemos, Euskal Herria Sozialista eta Ikasle Abertzaleak gizarte eragileak bildu dira, oraingoz, espazio publikoaren erabilera jorratzeko foro horretan. Baina ateak zabalik dituzte, eta espazio publikoaren erabileraz hausnartu nahi duten herri eragileei parte hartzeko deia egin diete, horretarako guztiontolosa@gmail.com helbidea luzatuz.