Plataformaren ustez, Tolosaldeko Erresoluzio Handiko Zentro batek ez luke ordezkatuko erreferentziazko eskualde mailako ospitale publiko batek beteko lukeen funtzioa
Tolosalderako ospitale berriaren inguruan osatzen ari diren plan funtzionalaren emaitzaren inguruko pronostikoa egin du TOPAk Tolosako Abastosen egin duen agerraldian: «Plan horren emaitza erresoluzio handiko zentroa izango dela esatera ausartzen gara, eta ez eskualde ospitale bat, gainerako eskualdeek daukatena bezala». Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak, beste behin, eskualde ospitalea exijitu du. «Erresoluzio handiko zentro bat egiten da erreferentziazko ospitale osatu bat badago, hari laguntzeko, baina ez hura ordezkatzeko».
Azken aldi honetan izan diren mugimenduak aztertu ondoren, osasun alorreko arduradun politikoek izan ditzaketen asmoen inguruko zalantza agertu du TOPAk: «Ez dugu ahazten zer jarrera izan duen EAJk udal hauteskundeak ospatu aurreko bi astera arte, behin eta berriz ukatu baitzuen Tolosaldeak eskualde ospitale bat behar zuela». Plataformako kideek ohartarazi dute Gasteizko legebiltzarrerako azken hauteskundeetan ez zela eskualde ospitaleari buruz hitz egin hauteskunde programetan, Tolosaldeko Erresoluzio Handiko Zentroari buruz baizik. Tolosako udal gobernuan dauden EAJ eta PSE-EE alderdiek ere, Erresoluzio Handiko Zentro bat egitea sinatu zutela nabarmendu dute TOPAtik.