2022-01-30

Plan funtzionalaren balizko emaitzarekin kezkatuta dago TOPA



Plataformaren ustez, Tolosaldeko Erresoluzio Handiko Zentro batek ez luke ordezkatuko erreferentziazko eskualde mailako ospitale publiko batek beteko lukeen funtzioa

Tolosalderako ospitale berriaren inguruan osatzen ari diren plan funtzionalaren emaitzaren inguruko pronostikoa egin du TOPAk Tolosako Abastosen egin duen agerraldian: «Plan horren emaitza erresoluzio handiko zentroa izango dela esatera ausartzen gara, eta ez eskualde ospitale bat, gainerako eskualdeek daukatena bezala». Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak, beste behin, eskualde ospitalea exijitu du. «Erresoluzio handiko zentro bat egiten da erreferentziazko ospitale osatu bat badago, hari laguntzeko, baina ez hura ordezkatzeko».

Azken aldi honetan izan diren mugimenduak aztertu ondoren, osasun alorreko arduradun politikoek izan ditzaketen asmoen inguruko zalantza agertu du TOPAk: «Ez dugu ahazten zer jarrera izan duen EAJk udal hauteskundeak ospatu aurreko bi astera arte, behin eta berriz ukatu baitzuen Tolosaldeak eskualde ospitale bat behar zuela». Plataformako kideek ohartarazi dute Gasteizko legebiltzarrerako azken hauteskundeetan ez zela eskualde ospitaleari buruz hitz egin hauteskunde programetan, Tolosaldeko Erresoluzio Handiko Zentroari buruz baizik. Tolosako udal gobernuan dauden EAJ eta PSE-EE alderdiek ere, Erresoluzio Handiko Zentro bat egitea sinatu zutela nabarmendu dute TOPAtik.

Osasun sailaren 2021-2024 Marko Estrategikoa ere ekarri dute hizpide plataformako kideek eta aipatu dute bertan ez dela eskualde ospitalea aipatzen, Tolosaldeko Erresoluzio Handiko Zentro bat baizik. «Bai gure alkateak, bai Sagardui sailburuak koma bat ere ez dute ahazten Erresoluzio Handiko Zentro baten ezaugarriak irakurtzerakoan baina ez dute ezer esaten eskualde ospitaleaz».

Ospitale berriaren plan funtzionalari buruz galdezka jende ugari gerturatu zaiela aipatu dute TOPAko kideek, eta informazio eza dagoela salatzearekin batera, agerraldia baliatu dute planari buruz duten iritzia emateko. «Susmo txarra hartzen diogu informazio ezari, errezelo txarra ospitalearen gai honek hasiera-hasieratik izan duen gardentasun ezari».

Plataformako kideek aitortu dute komeni dela ospitale berriarentzat plan bat egitea, baina plan horrek «ona» izan behar du beraien iritzian. «Plan funtzional bat teknikariek egina izatea ez da plan onaren sinonimo, edo ez du esan nahi gure eskualderako egokiena izango denik. Agintzen zaien hura sinatzen dute teknikariek, Eibarko ospitalearen kasuan argi eta garbi ikusi bezala».

TOPAkoek uste dute plan funtzional bat presio askoren menpe dagoela, «eta presio horiek zerikusia dute interes jakin batzuekin». Horregatik, eta beste autonomia erkidego batzuetako adibideari jarraituz, gisa horretako «desbideraketak eta hola-holako joerak saihesteko», sektore guztien parte hartzea bermatzea da bidea. «Informazioa eta gardentasuna» eskatu dituzte.

«Gure kezka da, etikak eta ekitateak agindu beharrean, arrazoi politiko-ekonomikek agintzea Tolosaldeko ospitalea egiterakoan. Gure iritziz, eskualde honetako ospitaleak eman behar duen arreta espezializatu eta ospitale arretak izan behar du gainerako eskualdeetako herritarrak XXI. mendearen lehen laurden honetan jasotzen ari direnaren antzekoa».

KLINIKAREKIN KEZKA

Gaur egun Tolosaldean osasun arreta emateko klinika pribatu kontzertatu bat dagoela aipatu dute TOPAko kideek, eta ez eskualde mailako ospitale publiko bat. Galdera ere bota dute horren inguruan: «Zein betekizun izango du klinika horrek Tolosako osasun mapa berrian eta zer etorkizun izango dute bertako langileek?».

Kezka plazaratuz amaitu du agerraldia Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak. «Kezkatzen gaitu agintarien aldetik dagoen informazio eta gardentasun faltak», esan dute. Zeregin hori dutenek egin ezean, eurek informatzen jarraituko dutela hitz eman dute.

---------------------------------
Erlazionatutako albisteak:

3 comentarios:

  1. Baina Plan Funtzionalak materiako teknikari batzuek egiten dituzte, horrek ez al du ziurtatzen egiten dutena egokiena dela?/Plan Funtzionala “ez al doa mezetara”?
    Errealitateak erakusten baitu hori ez dela horrela.
    Eibarko ospitalea eraiki aurretik P.F bat egin zen Bengoa sailburuaren garaian (PSOE). Darpon sailburuak kartera hartu zuenean ez zion balio, eta honek P.F berri bat egin zuen, teknikariek egina hura ere, teknikari berberak zirela ere gerta zitekeen, baina jarraibide berriekin, eta P.F. bat atera zitzaien, sozialisten garaian atera zitzaiena ez bezalakoa.
    Hau da, P.Fren gaian, teknikariek esaten dutenaren eragin handia du PF egiteko agintzen dietenek esaten dietenak.
    Teknikariek txostenera transkribatzen dute ugazabaren ahotsa, “la voz de su amo” eta sinadura botatzen dute.

    ResponderEliminar
  2. P.Funtzional bat egiteak ziurtatzen al du egiten den ospitalea izango dela eskualde horri behar duen zerbitzuaren kalitatea emango diona?
    Hemen ere errealitateak erakusten digu ez dela horrela.
    Eibarko ospitalearen kasuan, aurreko kasu berean, behin ospitalea EAJren garaian egindako PFuntzionalaren arabera egin ondoren, beraiek (EAJk) jakingo dituzten arrazoiak zirela eta, ospitale bat askoz handiagoa egin zutela aurkitu zen, zituzten benetako beharrak baino, eta atentzioa gehiegi ez emateko, Torrekuako osasun-zentroa desegin eta ospitalera eraman zuten, osasun mentaleko zentroarekin gauza bera,eta, hala eta guztiz ere, sobera zuten planta oso batean bi egoitza-unitate soziosanitario instalatu zituzten, Osasun Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko akordioaren ondorioz.
    EAJren garaian teknikariek egindako P. Funtzionalak ez zuen ezertarako balio izan, ezta eurentzat ere, ospitale honek P.Funtzional bat izan arren benetako hondamendia izan baita.

    ResponderEliminar
  3. Un Plan Funcional es un estudio previo a la realización de una obra, en este caso un hospital pero podría ser un aeropuerto o un metro o un TAV, …. en el que se ven las necesidades y demandas presentes y futuras de una zona en relación al tema que se trata, para establecer la cartera de servicios que tendrá, en este caso el hospital y el dimensionamiento de las estructuras, personal,etc .
    ¿ Es interesante realizar un P.F antes de hacer una obra ? En principio es menos probable que si se hace se tengan imprevistos del estilo de hacer algo que no va a tener utilidad, v.g el aeropuerto de Ciudad Real que no entró en funcionamiento o más pequeño o más grandes de las necesidades que tiene la zona, v.g el hospital de Eibar o con unas infraestructuras o dotaciones de personal inapropiadas,etc. Aunque estas dos obras y la mayoría que se hacen también tenían su P.F.
    Por lo que podemos decir que es interesante que se haga un P.F. antes de hacer una obra de envergadura pero que el P.F. por si mismo no asegura que lo que se vaya a realizar es lo que más interesa a la población a la que va dirigida la misma.

    ResponderEliminar