Tolosako Asuncion klinikako enpresa batzordea eta ELA eta LAB
sindikatuak Gasteizko Parlamentuan izan dira eta «zerbitzu guztiak
izango dituen klinika publikoa» aldarrikatu dute, «Tolosaldearako
kalitatezko osasun arreta bermatzeko».
 |
Asuncion klinikako langileen ordezkariak, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. (LAB)
|
Tolosako Asuncion Klinikako enpresa batzordeak eta LAB eta ELA
sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizko
Legebiltzarrean, Tolosalderako «guztiz publikoa izango den klinika»
aldarrikatzeko.
Ondoren azaldu dutenez, Asuncion klinikaren etorkizuna «jokoan» dagoela
ikusita, «zerbitzu guztiak izango dituen klinika publikoa» beharrezkoa
dela nabarmendu dute legebiltzarkideen aurrean, eskualderako
«kalitatezko osasun arreta bermatzeko».
Horrekin batera, ospitale publikoa eraikitzen dutenean Asuncion
klinikan lan egiten duten langileak subrogatuak izan daitezela eskatu
dute.
Gasteizko Parlamentuan dauden alderdi politikoei horixe eskatu diete,
«erabakiak zentzu horretan har ditzatela eta bultza egin dezatela
norabide horretan».
«Langile publikoak gara»
«Tolosaldeko herritarren zerbitzura egongo den kalitatezko osasun
arreta da behar duguna. Eta Asuncion klinikan dihardugun langileok,
zerbitzu publiko bat eskaintzen ibili garen heinean, garbi dugu langile
publikoak garela. Etorkizunean osasun arreta eskaintzen jarraituko
dugunak gu gara eta honenbestez funtsezkoa da subrogazioaren bidez, 100%
publikoa izango den zerbitzu horren parte gu ere izatea», adierazi
dute.