Plataformak agerraldia egin du Zerkausian, sindikatu, gizarte mugimendu, gazte erakunde eta auzo elkarteetako ordezkarien alboan. Gogora ekarri dute azken 25 urteetan 250 milioi eurotik gorako zorra pilatu duela Osasun Sailak Tolosaldearekin.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak herritarrei informazioa helarazteko helburuarekin agerraldia egin eta nabarmendu du Erresoluzio Handiko Zentro batek soilik ez liekeela irtenbidea emango Tolosaldeak dituen osasun arazoei. "Erresoluzio Handiko Zentro bat egokia da osasun egitura osagarri gisa, baina ez da inolaz ere eskualde ospitale baten ordezko egitura. Tolosaldeak beharko lituzke eskualde ospitale bat eta Erresoluzio Handiko Zentro bat, biak batera".
TOPAko kideek nabarmendu dutenez, gisa honetako zentroek 30.000 eta 70.000 pertsona arteko populazioei eskaini ohi die arreta eta gure eskualdeak 65.000 herritar inguru ditu. "Espezialisten anbulatorio moderno moduko bat da eta ospitaleratze luze baten beharrik gabe, jendeari espezialistetara heltzeko eta irtenbide teknologiko aurreratuak eskuratzeko aukera ematen dio". Plataformako kideen ustetan, baliabideekin ongi hornituz gero, osasun arazo askori, ohikoenei, erantzun egokia ematen diete zentro hauetan, baina ez denen arazoei. "Batzuk beti beharko dituzte ospitaleratze luzeak, eta horretarako, ospitale osagarri bat behar da, alegia, eskualde ospitale bat. Ospitaleratze luzeak behar dituztenak bertan egon daitezen".