2021-12-26

Gabon kanta eta udal ordezkariei ikatza

Tolosaldeko Ataria


Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko plataforma kalera atera da eguerdian. Tolosako udaletxearen aurrean Gabonetako kanta bat kantatu dute, baina letra egokituta. Ondoren, udal ordezkariei gutun bat irakurri diete, eta udaletxean eurentzat ikatza utzi dute.

"Aurten ere bereziki txintxoak izan gara eta berriro ere desio batekin gatoz: gainontzeko eskualdeen neurriko osasun zerbitzua izatea. Bada garaia guk ere zergak pozik ordaindu ditzagun". Horrela hasten da TOPAk udal ordezkariei utzi dien gutuna. 

2021-12-22

"Lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat behar da"




Giza kate ibiltari egin dute herritar ugarik SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako mobilizazioarekin bat eginez. Asuncion ospitaleak Belaten duen egoitzatik hasi eta anbulatoriora bitarteko bidea egin dute. Arazoak "egiturazkoak" direla esan dute, eta "egungo osasun krisia baino sakonagoak eta zaharragoak".

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, gaur arratsaldean giza katea egin dute, Tolosan. Herritar ugarik egin du bat deialdiarekin, eta, beste behin, Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera "jasanezina" dela salatu dute, "bai langileentzat eta baita herritarrentzat ere".  Pandemiak "are gehiago tenkatu" duela esan dute "lehen ere hilzorian zegoen asistentzia maila horren egoera". Arazoak "egiturazkoak" direla diote , eta "egungo osasun krisia baino sakonagoak eta zaharragoak".

Abenduaren 24ean, zatoz gurekin abestera!

 


GABON OSASUNA

Entzun, entzun, biztanle entzun;

Osasuna erren daukagu.

Makulu zaharren gainean nekez,

Bete nahi digute partxez.

Dagokiguna eskatzen dugu,

Artatzea kalitatez!

"Arreta ahalik eta antzekoena jaso beharko genuke ospitale berria eduki bitartean"

 

Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak, beste behin, eta ospitale berria inauguratu bitartean, gainerako eskualdeetako herritarrek jasotzen duten arretaren ahalik eta antzekoena jaso beharko luketela eskatu du. Era berean, sindikatuek gaurko deitu dituzten mobilizazioekin bat egin dute, eta hilaren 24an, 12:30ean egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute.  

TOPA Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak herritarrek ahalik eta "informazio onena" izaten jarraitu dezaten, lanean jarraituko duela azpimarratu du: "Zeregin hori dutenek ez dute egiten eta". Oraingoan, kezka larria sortzen dieten gaia jarri nahi izan dute mahai gainean, eta galderak dituzte egiteko. Ospitale berria egin bitartean, "zer arreta mota eta zer kalitatekoa jasoko dugu?". Agintariek zein asmo duten jakin nahi dute TOPAkoek: "Orain jasaten ari garen kalitate eskaseko arreta jasotzen jarraitu behar al dugu?" eta "ez al luke arreta horrek gainerako eskualdeek jasotzen dutenaren parekoa izan behar?", luzatu dute.

2021-12-03

Espezialitate guztiak izango dituen ospitale publikoa exijitu du TOPAk



Beste behin ere, agintarien "gardentasun falta" salatu du eskualdeko plataformak; gainerako eskualdeetan "behar bezala" funtzionatzen ari dena dagokiela esanez, Debagoienako ospitalea erabili dute adibide modura.

Eskualdeko osasun arretaren etorkizunari buruz herritarrak informatzen jarraitzeko nahiarekin, prentsaurrekoa egin du TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) plataformak. Ospitalearen kokapenak, "kezka" sortu du plataformako kideen artean: "Tamaina txikikoa izango denez, ez ditu ospitale berriaren hornidura baldintzatuko", aldarrikatu dute. Euren iritziz, "ezinbestean bete beharreko baldintza" da hori.