2021-06-25

"Pozik gaude baina oraindik interes politiko eta ekonomiko asko daude ospitale publikoaren atzean"

 ataria.eus

 

Jabi Arana TOPAko kidea da. Larunbatean berriro kalera irten ziren, eta horren arrazoia Ataria Irratian azaldu du tolosarrak.

-------------------------------------

«Garrantzitsuena zerbitzuak dira»
Osasun publikoaren alde egindako manifestazio bateko artxiboko irudia

Eskualderako ospitale publikoa egingo dela esan dute agintariek, baina TOPA koordinakundearen lana ez dela bukatu esan du Jabi Arana taldeko kideak.

Pentsa liteke Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde Koordinakundeko kideak pozik eta lasai daudela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitale publikoa egingo duela baieztatu duelako. Baina ez da guztiz horrela.

10 urte dira Tolosalderako gainontzeko eskualdeek dute osasun zerbitzu publiko bera eskatzen dutela, eta iragarpenak iragarpen, horrela jarraitu behar dutela dio Jabi Arana taldeko kideak. «Erne egon behar gara, ospitalea noiz eta non egingo duten ari dira argitzen, garrantzitsua da noski, baina ez garrantzitsuena. Garrantzitsuena zerbitzuak dira; bertan eskainiko dituzten zerbitzuak behar bestekoak izan behar dira, beste eskualdeek dituzten berberak», esan du. Koordinakundeak zalantzak ditu eta horregatik kalean jarraitzen du, 10 urte hauetan bezala, jendea informatzen eta galderak azaleratzen.

2021-06-11

Gotzone Sagarduik etorkizuneko ospitalearen kokagunea bisitatu du




Iruña etorbideko kamioien aparkalekuan izan da Osasun sailburua, Tolosako alkatearekin eta udal zinegotziekin batera; lehen eskutik ezagutu du etorkizuneko ospitalearen kokagunea.

Etorkizunean eskualdeko ospitalearen kokagunea izango den eremua bisitatu du, gaur, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak; Olatz Peon Tolosako alkatea, Tolosako Udaleko hainbat zinegotzi eta Osasun Saileko hainbat ordezkari izan dira eskualdeko ospitalea eraikiko den eremuan, Iruña etorbideko kamioien aparkalekuan alegia. "Elkarrekin eta lehen eskutik gunea ezagutzeko aukera izan dugu", adierazi du Peonek.

Alkateak balioan jarri nahi izan du orain ematen ari diren urratsak "oso garrantzitsuak" direla, eta guztiak "elkarlanean" ematen ari direla. Kokagune onena erabakitzeko azterketaren ondorioen berri eman zuten pasa den astean. Gaur, berriz, beste aurrerapauso bat emango dutela aurreratu du: "HAPO-ren azterketa martxan jarriko dugu".

Sagarduik, bestetik, gaurkoarekin "urrats handia" eman dutela aitortu du. "Lekurik egokiena ezagutu dugu, eta orain tramite guztiak burutzen hasiko gara”. Une honetan, Osasun Saila eta Osakidetza zentro berriaren hornidura zehazteko plan funtzionala garatzen ari dira, inguruko biztanleei asistentzia sanitarioa hobetzen jarraitzeko. ”Laster, Tolosaldearentzat hain garrantzitsua den proiektua bermatuko dugu. Plan funtzional horren arabera erabakiko da ospitalea nola eraikiko den, zein itxura izango duen eta nola banatuko diren bertako espazioak. Horretarako, urtea bukatu aurretik jarri nahi dugu martxan lizitazioa".

Asuncion klinikaren egoerari buruz galdetuta, sailburuak adierazi du osasun publikoak eta osasun pribatuak "bermatzen dutela" osasun sistema EAEn, eta beraz, "guztiontzako eremuak izango ditugu proiektu honi esker". Asteazkenean, halaber, bilera izango du Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kideekin. "Alkateek eta sailburuek izaten ditugun bileratan bezala, elkarren ideiak eta iritziak partekatu. Beraien sentipenak eta nahiak helaraziko dizkidatelakoan nago, eta nik pozez entzungo diet".

Bisitaren aurretik, sailburuak eta alkateak bilera egin dute udaletxean, zentro berria egiteko konpromisoa berresteko eta zonaldeko asistentzia-zerbitzua hobetzeko hurrengo urratsak zehazteko. Horrez gain, udalerrian Osakidetzaren etorkizuneko ospitalea gauzatzeko lankidetzan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
___________________________________________

Erlazionatutako artikuluak

2021-06-02

Suhiltzaileen pareko aparkalekua lehenetsi da ospitale publikoa kokatzeko



Tolosako Udalak ospitale publikoaren kokagunerako azterketa amaitu du, eta Iruña etorbidean dagoen kamioien aparkalekua dela egokiena ondorioztatu du. Bizilagunekiko eragina, lurraren jabetza eta mugikortasuna nabarmendu dituzte kontuan hartutako irizpideen artean.

Tolosako suhiltzaileen parke pareko kamioien aparkalekua. Iruña etorbideko eremu hori lehenetsi du Tolosako Udalak, Tolosaldeko ospitale publiko berrirako kokagunearen azterketa amaitu ondoren. Olatz Peon Tolosako alkateak gogoratu du 2020ko azaroan abiatu zutela ospitale publikoa Tolosan eraikitzeko kokalekuaren azterketa. «Azterketa horrek bi fase izan ditu, eta azken faseak lau eremu lehenesten zituen. Orain arte bezala, erabakia herritar guztiekin partekatu nahi dugu». Zuzenean inplikatuak izan daitezkeen auzotarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ere harremanetan egon direla adierazi du, azterketaren eta bere ondorioen berri emateko.

Jaurlaritzako ordezkariak azken fasean izandako lau eremuak ikustera ere etorri direla azaldu du alkateak, eta bilerak egin dituztela udal teknikariek bertako teknikariekin jaurlaritzan, «koordinazioa erabatekoa izateko». «Udalaren eta tokikoaren ikuspuntutik eremuaren egokitasuna mahai gainean jarri dugu, eta jaurlaritzak, Osasun saileko ikuspuntutik, bere irizpideak jarri ditu mahai gainean».