Eskualdeko osasungintzaren egoera aintzat hartu, eta bide berri batean aritzeko borondatea azaldu du Tolosaldeko EH Bilduk, Asuncion Klinikako proiektuak aztertuz.
Azken hilabeteetan eskualdean osasungintzak eman dituen berri guztiek zabalpen mediatiko bera izan ez dutela-eta, agerraldia egin du, gaur, Tolosaldeko EH Bilduk. Osasun kudeaketa publikoaren alde lan egiteko borondatea erakutsi nahi izan dute, TOPAk eta Eskualdeko Lan Mahaiak argitaratutako «datu esanguratsuak» kontuan hartuz.
Kritsina Pelaez Tolosako EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «Osasun Sailak Asuncion Klinikarekin duen hitzarmenak, eskualdeko osasun gastuan urtean 10 milioi euroko murrizketa egitea ahalbidetzen dio, eta hori ez da aurreztea, zerbitzuaren kalitatea okertzea baizik». Itun horrek iraundako zazpi urteetako datuak «eskandaluzkoak» direla adierazi du.