TOPAk bat egin du Asuncion Klinikako langileek larunbatean deitu duten elkarretaratzearekin. Herritarrak Tolosako Trianguloa plazara deitu dituzte, 11:30ean.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko plataformak eskualdeko ospitale berriaren inguruan hitz egin du, hain justu, bere funtzionamenduaz: «Hiru urtez zain egon ondoren, Osasun sailburuak esan du plan funtzionala idatzita dagoela. Tolosako alkateak bere poza eta esker ona adierazi ditu. Baina, ondoren, beste ezer ez dakiela esateko. Era berean, ez daki zer gertatuko den Asuncion Klinikako langileekin. Eta zain jarraitzeko esaten digute berriro ere, Eusko Jaurlaritzak ospitale berriaren proiektua idatzi arte, eta Tolosako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari aldaketak egin arte, leku horretan ospitale publikoa egin ahal izateko».
TOPAko kideak, ordea, ez daude «zain» egoteko prest eta plan funtzional hori publiko egitea «exijitu» dute. «Hainbeste denbora esperoan egon eta gero, Tolosaldeko herritarrok duela 3 urte bezala gaude: ezertxo ere ez dakigu ospitale berriaren ezaugarriei buruz eta emango dituen zerbitzuei buruz», salatu dute.