Plataformak uste du erresoluzio handiko zentro bat "motz" geratuko litzatekeela eta horrelako zentro bati uko egin gabe, klinikaren publifikazioa eskatu du, pazienteek kalitate publikoko arreta bat jaso ahal izan dezaten. Modu horretara Asuncioneko langileen egoera ere konpondu daitekeela uste du TOPAk.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak Asuncion Klinikaren publifikazioa eta erresoluzio handiko zentro bat eskatu ditu Tolosaldearentzat. «Baldin eta ez bada egiten ospitale publiko bat, biztanle kopuru aldetik antzekoak diren eskualdeek dutena bezalakoa. Hori da gure proposamena Tolosaldean osasun arretarekin dauzkagun arazoak konpontzeko». Egungo klinika publifikatu eta osasungintzako sare publikoko parte bihurtuta bi arazo konponduko liratekeela uste dute TOPAko kideek: batetik, pazienteek kalitate publikoko arreta jaso ahal izatea; eta bestetik, klinikako langileek euren lanpostua mantendu ahal izatea. «Borondate politikoa behar da, arazoa konpondu nahi izatea, hori da kontua», esan dute Zerkausian egindako agerraldi publikoan.