«Ez nuen konplize sentitu nahi»
Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiarengana joan zirenean bezala, Tolosaldeko Ataria-ra txostenekin, epaitegietako sententziekin eta bestelako dokumentuekin etorri dira; baina guztien gainetik, euren esperientziekin.
Fiskal nagusiarengana elkarrekin joan ziren Asuncion Klinikako bi langile ohi, 2019ko ekainaren 12an. Biak medikuak, espezialista titulua homologaturik duten medikuak. Bata traumatologoa eta bestea hematologoa. Biak TOLOSALDEKO ATARIA-rekin elkartu dira, hirugarren mediku espezialista bat alboan dutela. Hau ere Asuncion Klinikako langile ohia.
Lehen biek honela gogoratzen dute iazko ekainaren 12ko hitzorduaren hasiera: «Asuncion Klinika ikertzen hasteko bi modu daude, esan zigun Carmen Adan Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak: ustezko delituren bat egotea edo salaketa asko pilatzea». Gipuzkoako fiskaltza orain ikertzen ari den ustezko intrusismo delitua ez dute azken ikerketa izatea nahi, «arazoa zabalagoa delako; eskualde oso baten osasun arreta zerbitzuaz ari gara».
Aurrerantzean ere salaketa gehiago izango direlakoan daude bi medikuak. Horretarako deialdia zabaldu diete Tolosaldeko erabiltzaileei, klinikako langileei edo izan direnei, eta erakunde nahiz mugimendu desberdinetako kideei: «Edozein irregulartasun edo beste edozer sumatuz gero, jarri salaketa Gipuzkoako Sendagileen Elkargoan». Bide hori zabalik dagoela uste dute. Hori frogatzeko, eurek bizitakoa eta sufritutakoa kontatu dute.