2024-10-07

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak salatu du Osasun sailburuak entzungor egin diela bilera eskaerei


Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea, Pili Legarra Asteasuko alkatea, Igor Zapirain Ibarrako alkatea eta Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkatea.

Azken hilabeteetan eman dituzten urratsen berri eman dute gaur; bi aldiz egin dute biltzeko eskaera eskualdearen osasun arretaren egoerak sortzen dien kezka «aurrez aurre» adierazteko.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak agerraldia egin du, goizean, Tolosan, azken hilabeteetan eman dituzten urratsak azaltzeko. Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak adierazi duenez uztailaren 19an eskutitz bat igorri zitoen Alberto Martinez Osasun Sailburu berriari, kargua hartu eta gutxira. «Mezu horretan, izendapen berriagatik zoriondu eta zorterik hoberena opa ez ezik, gure eskualdearen osasun arretaren egoerak sortzen zigun kezka adierazi genion». Gehitu du kezka horiek aurrez aurre partekatu, eta dituzten galderen erantzunak jaso nahian, irailetik aurrera Alkateon Mugimenduko ordezkaritza bat berarekin biltzeko nahia erakutsi ziotela. «Hori, esan bezala, uztailean izan zen. Bi hilabete pasa eta inolako erantzunik jaso ez genuela ikusita, bigarren eskutitz bat bidali genion, irailaren 19an. Berarekin biltzeko premia berretsi genion».