2024-12-19

«Zerbitzu guztiak izango dituen klinika publikoa» aldarrikatu dute Asuncioneko langileek

Tolosako Asuncion klinikako enpresa batzordea eta ELA eta LAB sindikatuak Gasteizko Parlamentuan izan dira eta «zerbitzu guztiak izango dituen klinika publikoa» aldarrikatu dute, «Tolosaldearako kalitatezko osasun arreta bermatzeko».

Asuncion klinikako langileen ordezkariak, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. (LAB)

Tolosako Asuncion Klinikako enpresa batzordeak eta LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizko Legebiltzarrean, Tolosalderako «guztiz publikoa izango den klinika» aldarrikatzeko.

Ondoren azaldu dutenez, Asuncion klinikaren etorkizuna «jokoan» dagoela ikusita, «zerbitzu guztiak izango dituen klinika publikoa» beharrezkoa dela nabarmendu dute legebiltzarkideen aurrean, eskualderako «kalitatezko osasun arreta bermatzeko».

Horrekin batera, ospitale publikoa eraikitzen dutenean Asuncion klinikan lan egiten duten langileak subrogatuak izan daitezela eskatu dute.

Gasteizko Parlamentuan dauden alderdi politikoei horixe eskatu diete, «erabakiak zentzu horretan har ditzatela eta bultza egin dezatela norabide horretan».

«Langile publikoak gara»

«Tolosaldeko herritarren zerbitzura egongo den kalitatezko osasun arreta da behar duguna. Eta Asuncion klinikan dihardugun langileok, zerbitzu publiko bat eskaintzen ibili garen heinean, garbi dugu langile publikoak garela. Etorkizunean osasun arreta eskaintzen jarraituko dugunak gu gara eta honenbestez funtsezkoa da subrogazioaren bidez, 100% publikoa izango den zerbitzu horren parte gu ere izatea», adierazi dute.

2024-12-15

OSASUN SAILBURUAREKIN IZANDAKO BILERAREN BALORAZIOA


Euskaraz irakurri                   Leer en castellano


---------------------------------------

Erlazionatutako artikulua

Azaroan bildu zen TOPA Alberto Martinez osasun sailburu berriarekin; plataformako kideek begi onez ikusten dute bildu izana, baina «hutsetik hasi beharra» gaitzetsi dute.


2024-12-02

Jabiri

 

Jabi Arana Alberdi, eragile nekaezina


TOPAk 2022ko urtarrilean eskainitako prentsaurreko baten irudia.

Medikua zen ogibidez eta Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako kidea. Atzo hil zen 72 urte zituela.

Jabi Arana Alberdi hil zen atzo, hilak 1, 72 urte zituela. Ezaguna zen oso eskualdean, izan ere, eragile nekaezina zen. TOPA plataformako elkarretaratze, prentsaurreko eta deialdi guztietan egoten zen, eta osasungintza publikoko langilea izaki, kalitatezko osasungintza publikoaren aldeko borrokan aritu zen buru-belarri, heriotzak eraman duen arte.

2011. urtean eskualdeko hainbat eragilek sortu zuten TOPA eta Jabi Arana bertan aritu da jo eta su.

28 urtez Tolosako Amarotz auzoko familia medikua izan zen. eta 2020an, erretiroa hartzera zihoala, auzotarren omenaldia jaso zuen.

Auzotarrek txalo artean hartu zuten bertara iritsi zenean, eta ondoren agurra dantzatu zioten, bertsoa kantatzen zioten bitartean: Jabi, aritu zarenez /gurekin buru eta bihotz / guztiz eskertuta gaude/amaroztarrak ta Amarotz.

Amaroztarrek orduan eskertu zioten auzoaren alde egindako lana, eta ziur eskualdeak ere eskertuko diola osasungintza publikoaren alde egindako guztia. Ez baita gutxi izan.

----------------
ERLAZIONATUTAKOAK

  • Rebeka Uberak Eusko Legebiltzarrean Jabiri egindako omenaldia