Zenbait sindikatuk elkarretaratzeak egin zituzten atzo, batetik, Gurutzetako ospitaleko zuzendaritzak sukaldea «pribatizatu nahi» duela, eta bestetik, Osakidetzako behin-behinekotasun tasa %35 dela salatzeko.
Sindikatuek antolatuta, Osakidetzako zenbait ospitaletan eta osasun zentrotan atzo egindako elkarretaratze bateko pankarta batean irakur zitekeen bezalaxe, «zerbait ari da gertatzen».
Esaldi hau zehazki Gurutzetaren aurrean egindako protestan izan zen ikusgai. Bertan, ESI Ezkerraldea-Enkarterriko zuzendaritzak ospitaleko sukaldean enpresa pribatu bat sartu nahi duela salatu zuten ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek.
Adierazi zutenez, bertako zuzendaritzak «janarien horniketarako kudeaketa sistema berria ezarri nahi du» Gurutzetako ospitalean, «hamalau hornitzailetatik bakarrera pasatuz».
Aldaketa «isilpean» egin dela salatu zuten, «ez baitituzte ez ospitaleko langileak ez sindikatuak informatu». Nabarmendu zutenez, «bere aurpegirik beltzena erakutsi digu Osakidetzak, gardentasun faltarena».
Gainera, aldaketa honetarako «arrazoirik ez dagoela» ziurtatu zuten sindikatuek, oro har onartzen baitzen Gurutzetako ospitaleko «sukaldearen kalitate altua eta kostu apala», eta erabiltzaileak «oso pozik» zeuden eredu honekin.
«Eredu aldaketak ospitaleko sukaldean enpresa pribatu bat sartzea suposatzen du, modu esklusiboan, unitate honetako janariak kudeatzeko, eta, inolako beharrizanik gabe, egun sukaldeko langileok betetzen ditugun funtzioak bere gain hartzea dakar», azpimarratu zuten.
Astelehenean bertan, sindikatuek elkarretaratzea antolatu zutela jakinda, Gurutzetako ospitaleko zuzendaritzak ukatu egin zuen pribatizazioa. Prentsa ohar batean aipatu zuenez, janarien horniketarako kudeaketa sistema berriak «ez du inolako pribatizaziorik ekarriko».
Bost sindikatuek, aldiz, «Nafarroako ospitaleetako sukaldeen pribatizazioaren» eredua jarri zuten. Izan ere, Kontu Ganberako txosten batek adierazi zuen «pribatizazioak ez zuela ekarri diru aurrezkirik, kontrara, 670.000 euro garestiagoa izan zen».
Eredu berri honek Gurutzetako ospitalearen «pribatizazioa erraztuko duen pertsonal-berregituraketarako oinarriak jartzea suposatzen du», amaitu zuten.
Behin-behineko enplegu tasa
Bestalde, ELA sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo, Gasteizko Santiago Ospitaleko sarrera nagusian, Osakidetzaren «kontratazio prekarioa» salatzeko. Aipatu zuenez, behin-behineko enpleguaren tasa %35 ingurukoa da, eta zehazki Arabako Unibertsitate Ospitaleko kasuan, «%50era hurbildu da».
Gainera, Osakidetzak %16tik gora areagotu zituen lanaldi hereneko kontratuak, eta %11 murriztu lanaldi osokoak, bi urteko epealdian. Kontratazioetan dagoen «gardentasunik eza dela-eta», Osakidetzak, eta batik bat zerbitzu zuzendaritzek, «nahierara hautatu ditzakete pertsona jakin batzuk postu jakin batzuetarako», salatu zuen.
Informazio gehiago:
- Gurutzetako ospitaleko sukaldean enpresa pribatu bat sartuko da
- Osakidetzaren behin-behineko enpleguaren tasa %35 ingurukoa da
- La eventualidad en Osakidetza es del 35%
- Urdulizko Ospitalearen zerbitzuen pribatizazioa salatu du ELAk
- ELA denuncia la privatización de servicios en el Hospital de Urduliz
No hay comentarios:
Publicar un comentario