Tolosako udaletxearen aurrean elkartu da herritar talde bat, eta koplak
abestu ondoren, gutuna irakurri dute Tolosako Udalari zuzenduta. "Aurten
bereziki txintxoak izan gara eta desio batekin gatoz: gainontzeko
eskualdeen neurriko osasun zerbitzua izatea, guk ere gure zergak pozik
ordaindu ditzagun. Ea zuek ere datorren urtean etxeko lanak egiten
dituzuen!", zehaztu dute gutunean. "Bestalde, elkartasun garaiak direla
eta, auzokideen eskariei kasu egitea eskatu nahi dizuegu. Bada garaia
Amarotzen botikina jartzeko!", gaineratu dute. Horren ondoren, gutuna
eta ikatz zaku bat utzi dute udaletxearen harreran.
Ondoren, Asuncion klinikaraino joan dira, eta bertan ere koplak abestu
dituzte eta ondoren gutuna irakurri. Langileei lore sorta bat eskaintzen
dietela azaldu dute, "bereziki egoera hau pairatzen ari zareten
guztiei", eta eskertu egin diete bere lana. Klinikako zuzendaritzarekin,
aldiz, kexu agertu dira gutunean: "Ez duzue gure osasun zerbitzua behar
bezala bermatzen, eta gainera, oldarkor jokatzen duzue benetan zaintzen
gaituzten langileekin". Hurrengo urtera begira zuzendaritzari eskariak
egin dizkiote: "Gure zergak pozik ordaindu ditzagun, merezi dugun
kalitatezko osasun zerbitzuak bermatzea, eta langileekin jatorragoak
izatea". Ondoren, Asuncion klinikako harreran, bertan zeuden langileei
lore sorta eskaini diete, eta gutuna eta ikatza zuzendaritzari
helarazteko eskatu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario