2020-10-31

Sagardui: "Ospitale publikoaren proiektua zehazten ari gara"


Tolosaldeko ospitale publikoaren gaia jorratu dute gaur, Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran. Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari eginiko galdera luzatu dio eta honek erantzun du Tolosarako proiektatzen den zentroa EAJ eta PSE-EEren gobernu programarako Osasuna atalean definituta dagoela, baina "proiektu hori oraindik zehazten" ari direla.

Ibai Iriartek galdera zehatza luzatu dio Gotzone Sagardui sailburuari. "Jaurlaritzak Tolosaldean ireki asmo duen bereizmen handiko zentroa, Tolosaldeko hainbat alkate eta eragilek eskatzen duten ospitale publiko berria izango da?". Osasun sailburuak gaia lantzen ari direla erantzun dio eta proiektua zehazten ari direla: "Ondo baino hobeto ulertzen ditut alkate eta eskualdeetako edo kuadrilletako eskariak ahalik eta osasun baliabide onenak instalatzeko, lehentasuna larrialdiei eta ospitaleei emanaz. Ondo ulertzen dut, bai, baina zuek ulertuko duzue ere azpiegitura berriak sortzeak edo eraikitzeak lurralde, biztanleria, antolamendu eta arreta irizpideei erantzun behar diela, eta zaila dela irizpide guztiak kontuan hartzea, lehenetsi behar dira, baliabide eta beharren arabera. Tolosarako proiektatzen den zentroa EAJ eta PSE-EEren gobernu programarako Osasuna atalean definituta dago, bigarren atalean aipatzen da Tolosako udalerrien bereizmen handiko zentro bat eraikitzea. Hori horrela da, baina proiektu hori oraindik zehazten ari gara. Zehaztu egiten dugu".

EAJren jarrera

Erantzuna entzunda Iriartek nabarmendu du urteak direla "sindikatu, eragile eta herritarrak, eta beraiekin batera EH Bildu, beste osasun eskualdeetako zerbitzu berdinak" eskatzen ari direla. "Eskaera guztiak betetzen ditugu, beste eskualdeak adinako zerbitzu berberak merezi ditugu ondorioz. Sailburu gehiegiren eskutik pasa da gai hau, Rafael Bengoa, Jon Darpon, Nekane Murga eta orain zu. Ez dezagun denbora gehiagorik galdu mesedez. Ospitale publikoa eta ESI publikoa da eskatzen duguna. Gure eskubidea delako", gaineratu du. EH Bilduko ordezkariak EAJk "izugarrizko ziaboga" egin duela esan du ondoren: "Tolosako EAJk aldarrikatzen du ospitale publikoa eta duela bi aste alkateak, Olatz Peonek, ospitale publikoaz hitz egin zuen, eta bere konpromisoa irmoa eta erreala dela esan zuen. Zure ahotik bereizmen handiko zentro hori ospitale publikoa ote den jakin nahi dugu, beste eskualdeetako mailan egongo ote den galdetu nahi dizut". Osasun sailaren zehaztasun falta ez dela berria esan du, "ohituta gaude zehaztasun falta horretara". "Duela gutxira arte entzuten genuen Asuncionek kalitatezko zerbitzua eskaintzen zuela, beste ESIak baino hobea ere... eta orain auzitan jartzen da hori. Osasun saila erdi gezurretan ibili da honekin, eta buelta emateko aukera duzue, dugu. Eskualdeko eragile eta alkateak prest daude, osasun mahaia osatu dute ere. Ez utzi agendan beste sailburuek mahaien utzi duten hori".

Sagarduik hitza hartu duenean eskualdeko alkateen eskaerak asko izan direla erantzun du: "Tolosaldeko alkateen asmoak legitimoak dira eta iritziak ulertuta, uste dut garrantzitsua dela adieraztea osasun plangintzaren kontzeptuak zehaztu behar duela inbertsioaren beharra eta lehentasuna. Esan beharra dago baita ere Tolosaldeko biztanleriaren osasun arreta bermatuta dagoela. Dena dela, Osasun sailak ez daki Tolosaldeko alkate guztien aldetik eskaera uniforme bat dagoenik, eskaera asko utzi dizkigute: Asuncion sare publikoan sartzea, ospitale publiko berri bat eraikitzea, klinika sozio-sanitarioari eskaintzeko egitura bihurtzea edo Tolosako anbulatorioa kanpoko kontsultetarako erreferentziazko zentro egoerara itzultzea".

Osasun sailak azken urteetan "mota askotako" eskariak jaso dituela nabarmendu du hortaz, sailburuak, eta gehitu du azkenaldian "indarra hartu du Tolosaldeko ESIrako eskualderako ospitale bat ezartzea". "Gobernu programaren helburua da eremuan laguntza dispositibo bat eraikitzea. Oraindik zehazteko dagoen gai bat da, beharrezkoa da plan funtzional bat egitea Tolosaldeko ESIan zabalduko diren laguntza zerbitzuak zehazteko, dena ari gara baloratzen; bereizmen handiko zentro bat izan behar duen edo ez aztertzen ari gara, erradiologia konbentzionala eta abar barne hartzen dituzten gaitasun diagnostikoak izango dituen, erregimen anbulatorioan eman ohi diren ospitale espezialitateko kanpo kontsultak izango dituen, erradiologia eta laborategiak izango dituen, kirurgia handiko anbulatorioa egiteko gaitasuna duen eguneko ospitale bat egokia den edo ez, ohiko ospitale bat egiteko eskaera baloratzen ari gara ere.... Esan bezala, horrelako jarduera bati ekiteko egin behar den plan funtzionalaren araberakoa izango da dena. Eta lasai ez dugu agendan utziko, egon ziur, erantzukizuna gure baita".

No hay comentarios:

Publicar un comentario