Asuncionen emandako agerraldiak herritarrak bildu ditu eta manifestazio jendetsua egin dute Tolosan. Antolatzaileen hitzetan 2.100 bat pertsona bildu dira.
Tolosalderako osasun zerbitzu publikoa aldarrikatu dute herritarrek Tolosako kaleetan. Antolatzaileen hitzetan 2.100 bat pertsona izan dira kalean. Segurtasun neurriak mantenduta, ilaratan, pertsonen arteko tartea mantenduz eta maskarekin, ehunka pertsona bildu dira. “Osasun publikoa da pertsonak erdigunean jarri eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko berme bakarra”, esan dute. Manifestazioa Plaza Zaharrean hasi eta bukatu da, eta burua bukaerara iritsi denean parte hartzaileak San Frantzisko pasealekuan zeuden.
Beste behin esan dute Asuncion klinikan emandako agerraldia ez dela kasualitatea izan, “mila bider adierazi izan dugun kalitate baxuko zerbitzuaren ondorio da”. Tolosaldeko herritarren erreferentziazko ospitalean gertatu izana salatu dute eta nabarmendu ez dela beste inongo ospitaletan gertatu. “Gaur inoiz baino ozenago diogu: Asuncion klinikaren itxiera Tolosaldeko osasun zerbitzu eskasaren ondorio da. Administrazio publikoak Asuncion klinikarekiko duen esku hartze eta kontrol ezaren ondorio”.
Osakidetzak bizi duen egoera urteetako murrizketen ondorio dela esan dute eta pandemiak hori azaleratu duela, “baina gurean egoera hori are eta lazgarriagoa da, Tolosaldean beste inon baino gehiago jolastu delako osasun zerbitzuaren pribatizazioarekin”. Nahikoa dela esateko ordua dela esan dute eta %100ean publikoa izango den ospitalea eskatu dute, “dagokion zerbitzu eta pertsonal ratioak izango dituena”.
Tolosako alkate Olatz Peonek ospitale publiko bat egiteko urratsak eman dituela iragarri zuen atzo, eta horren aurrean esan dute Osasun sailak eskualdeko osasun arreta “ezin hobea” zela esan izan duela, “jakin nahiko genuke, beraz, zergatik onartzen duten orain ospitale honen eraikuntza”.
“Lehen bataila irabazi dugu, jada guztiok onartzen dugu, ospitale baten beharra. Hau, guztion lanari esker izan da, TOPAk urteetan eginiko lanari esker. Argi dago borrokak fruituak ematen dituela”, esan dute. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformaren beste eskaera bat ekarri dute gogora ere: “Espezialitateez hornitutako anbulatorioak nahi ditugu”.
Eskaera
Bukatzeko Tolosaldeko herritarrei eskatu diete etxeetako balkoi eta leihoetan zerbait zuria jartzeko, horrela “mundu guztiak jakin dezan, Tolosaldeak osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzen duela”.
Eragileak
Gaurko manifestazioa txalo zaparrada artean hasi eta bukatu da. Deialdia Asunioneko hainbat langilek eta herritarrek egin zuten, eta babes zabala jaso dute. Kaleak bete dituzte eta horrek arazoren bat sortu du ere, izan ere, Ertzaintzak, Tolosako Udaltzaingoaren bidez, manifestazio burua Plaza Zaharrera iritsi denean eskatu die manifestazioa bertan behera uztea, eta antolakuntzako kideek onartu dute. Plaza Zaharrean egin dute bukaerako ekitaldia, baina bertan ez zeuden eta oraindik manifestazioko ibilbidea egiten ari ziren herritarrei eskatu diete ez bertaratzea, jende pilaketak ekiditeko.
Asko izan dira manifestazioa babestu duten eragileak: LAB, Ezker Iraultzailea/Euskal Herria Sozialista, Ibarrako asanblada feminista, Berazubi auzo elkartea, Amarotz Auzo Elkartea, EH Bildu, Batumore-Tolosaldeko Batukada Feminista, Sortu, ELA, Eusko Alkartasuna, Podemos-Ahal Dugu, Auzolanean Tolosa, Ikama, Ernai, Ezker Anitza, Anoetako Gazte Asanblada, Zu ta Ni, Duintasuna jubilatu eta pentsionistak, Matraka Talde Feminista, Beti Gazte jubilatu elkartea, Iturriza jubilatu elkartea, Harizpe jubilatu elkartea, Tolosako Gazte Asanblada, Tolosako Asanblada Feminista, eta TOPA.
Alderdiak
Aipatu eragileetako ordezkari asko izan dira manifestazioan, tartean EH Bilduko eta Podemos-Ahal Duguko ordezkariak. Pilar Garrido Podemos-Ahal Duguko kidea ere izan da eta esan du Asuncion klinikako langileen eskaerak babesteko gerturatu dela Tolosara: “Gaixo dagoen administrazio batek bakarrik jartzen ditu interes ekonomikoak gizartearen osasunaren gainetik”. Asuncionen gertatzen ari dena osasun sistemaren pribatizazioaren adibide argia dela esan du.
EH Bilduko kide bat baino gehiago izan da manifestazioan eta baita eskualdeko alderdiko alkate asko ere. Tolosako EH Bilduk jakinarazi du Olatz Peon alkateari eskatu diola ospitale publiko berriaz hitz egiteko Osasun sailarekin egingo duen bileran parte hartu nahi duela.
--------------------------
Erlazionatuak:
- Tolosaldeko herritar ugari elkartu zen manifestazioan. Ainhoa Ortiz klinikako langilearen eta Ander Figerido Tolosako EH Bilduko zinegotziaren hitzak bildu ditu Ataria Irratiak.
- Asuncion Klinikako langileek eta hainbat herritarrek eginiko deialdian, jendetza bildu zen babesa ematera (28 kanala)
No hay comentarios:
Publicar un comentario