Itzea Urkizu Arsuaga 2014-11-27 ataria.info
TOPA koordinakundeko kide Javi
Arana eta Jesus Mari Aranzegik «informazio falta» salatu dute,
urtarriletik aurrera ezarriko duten sistema berriaren inguruan.
Osasun Saileko Gipuzkoako ordezkari Rafael Uribarreni nahiz Osasun
Saileko Aseguru eta Kontratazioko arduradun Iñaki Berraondori gutun bana
idatzi ondoren, ustez urtarrilean ezarriko duten Osasun Antolakuntza
Bateratuaren inguruko informaziorik ez du lortu TOPAk.
Zer da, zehazki, OAB sistema?
Osasun
sistemaren berrantolaketa bat da. Orain arte Osakidetza ekialdeko eta
mendebaldeko eskualdetan banatzen zen eta orain, berriz, OAB horien
bidez antolatuko dituzte eskualdeak. Alde batetik, ospitale nagusi bat
izango da, eta, bestalde, ospitaleari lana bideratzen dioten osasun
zentroak. Gure kasuan, Andoaindik Alegiarainoko osasun zentroak izango
dira, batetik, eta Asuncion klinika, bestetik. Baina, azken hau ospitale
pribatua da.
Herritarrei zein aldaketa ekarriko lizkieke OAB hori ezartzeak?
Arretari
dagokionez, aldaketa nabarmenik ez da izango lehen mailako arretan;
bai, ordea, bigarren mailan, espezialistaren bat behar denean; sistema
publiko batetik pribatura jauzi egin beharko baitute. Eta hori da afera
honen guztiaren gakoa. OAB honekin, beraz, are gehiago finkatzen da
pribatizazioa. Zergatik? Sistema pribatua publikoan txertatzen duelako,
integratu egiten duelako. Horrek, Euskal Herri osoan ospitale publikodun
OAB bakarra bilakatuko luke Tolosaldekoa.
Eskualdeko OABa berezi hori nola ezarriko dute?
Horixe
da, gaur egun, gure aldarri nagusia. Informazioa eskatu dugu, eta inork
ez digu esaten zein norabide hartuko duen, eta zein egitura izango duen
sistemak. Informazioa ukatze horrek zalantza handiak sortzen dizkigu,
normalean informazio txarrak ukatzen baitira. Eta ziur dena erabakita
dutela, gainera, urtarrilean ezarriko baitute; beraz, hilabeteren faltan
ezer ez izatea pentsaezina da.
Udaberrian Batzar Nagusietan hartutako erabakia ere, nolabait baliogabetu dizuete, ezta?
Bai.
Rafael Uribarreni informazio eske gutun bat idatzi genion, duela hiru
urte ere Osasun Eredu Berria izenburupean antzeko beste zerbait ere
saldu baitziguten; horren ondorioz, Tolosaldeko biztanleok, gaur egun,
Asuncion dugu erreferentziazko ospitale bakarra. Beraz, Uribarrenengana
jo genuen arren, hark zera esan zigun, Iñaki Berraondok emango zigula
informazio hori, Eusko Jaurlaritzatik. Berraondok, bere erantzunean,
argi eta garbi uzten digu osasun jardueren eskumena jaurlaritzarena
dela, giza-baliabideak aldundienak eta udalenak diren gisa berean.
Beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Asuncion urtebetean publiko egiteko eskariari balioa kendu diote, eta bide horretatik ezin izango da, ziur aski, ezer egin.
Horren aurrean, beraz, herritarren hitza kontuan hartzeko proposamen bat baduzue, ezta?
Bai,
izan ere, Asuncion kudeatzen duen Inviza enpresak, ez du Eusko
Jaurlaritzarekin duen hitzarmena betetzen. Batetik, zor historiko bat
du, eta ogasunarekin eta gizarte segurantzarekin ere 4 milioi inguruko
zorra du. Halaber, behar bezalako baldintzetan egin beharreko obra eta
eraberritzea ez du egin. Beraz, Eusko Jaurlaritzak herritarra erdigunean
jartzen badu, eta parte hartzeari halako garrantzia ematen badio,
eskualde honetako ia 19.000 sinaduren eta alkate guztien babesa kontuan
hartzea nahi dugu. Behin eta berriro eskatu izan dugu Asuncion publiko
egitea, horregatik, demokrazia eta erreferendumak aktualitatean
bizi-bizi dauden honetan, Tolosaldean erreferenduma egitea eskatzen
dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario