2014-11-27 ataria.info
TOPAk agerraldi jendetsua egingo du larunbatean, duela hiru urte beren ibilbideari ekiteko egin zuten bezala.
2011. urtean ekin zioten beren jardunari. Hasiera haietan inork gutxi
ezagutzen zuen beren lana, edo aldarrikatzen zuten hori. Gaur, egun,
ordea, ia 20.000 sinadura baino gehiagok eta Tolosaldeko udal guztiek
babesten dute Eusko Legebiltzarrean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan nahiz
hamaika mobilizaziotan salatu eta aldarrikatu dituztenak. Horrela,
beraz, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) herri koordinakundeak
agerraldia egingo du, larunbatean, 12:00etan, Tolosako kultur etxean.
«Duela
hiru urte eta erdikoaren antzeko zerbait egin nahi dugu, denbora tarte
hori pasa bada ere, eta zenbait gauza lortu baditugu ere, oraindik
aldarri berdinekin bueltaka jarraitzen dugulako»; diote Javi Arana eta
Jesus Mari Aranzegi koordinakundeko kideek.
Izan ere, bidean
hainbat oztoporekin topo egin eta beren kexuak indartu dituzten arren,
2011ko gogo berari jarraitzen diote: Tolosaldeak eskualdeko ospitale
publiko bat izatea nahi dute, eta baita espezialitateen anbulatorioa
ere.
«Pribatua publikoan uztartu»
Aranak
eta Aranzegik nabarmendu dutenez, «betiko ildotik jarraitzen dugu, baina
bada egoera okertu duen zerbait, pribatizazioaren alde».
Izan ere, Tolosaldeko osasun eskualdean Osasun Antolakuntza Bateratua deituriko sistema ezartzekotan direla jakin berri dute.
Hasiera
batean, horrek erabiltzaileei ez lieke aldaketa nabarmenik ekarriko
egunerokoan, baina «sistema pribatua publikoaren barruan sartzea
ahalbidetuko du, behin betiko».
Horren guztiaren inguruko
«informazio eskasia» salatuz, larunbateko agerraldian abenduaren 13ko
manifestaziora deituko dituzte eskualdeko eta Euskal Herriko
herritarrak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario