2019-01-24

Giza baliabide falta salatu dute Asuncion klinikako langileek



Urte osoko arazoa dena, negu garai honetan «larriagotu» egiten dela azaldu dute; lanerako jende gehiago eskatu arren, zuzendaritzatik ezezkoa jaso dute.

Neguko garai honetan, gripea dela eta, ospitaleetan gaixo gehiago egon ohi da. Horixe gertatzen da, egun, Asuncion klinikan ere. Asuncioneko LABeko ordezkariek eta hainbat langilek giza baliabide falta salatu dute.

Ez da oraingo arazoa, urte guztia daramatela horrela azaldu du Ainhoa Ortizek, Asuncion klinikako LABeko enpresa batzordeko kideak. Azaldu duenez, «gripea dela eta, sasoi honetan beti daukagu lan karga handiagoa, eta eskatu arren ez dizkigute beharrezko baliabideak jartzen».


Pasa den asteburuko adibidea jarri du: «Oso jende gutxik egin dugu lan, eta horrek, estresa ekartzen du. Ezin izan diegu merezi zuten bezalako arreta eman». Behar bezala lan egiteko jende gehiagoren beharra izango zutela aurreikusi zuten. Eskatu ere egin zuten, baina «Montoia jaunak ezezkoa eman zuen».

Profesionaltasun osoz lan egitea gustatzen zaiela azaldu du Ortizek, baina pertsonal faltagatik «ezinezkoa» zaiela argitu du. Gaixo eta haien senideei ahal duten guztia egiten ari direla esan nahi diete, ahalik eta arreta egokiena eskaintzeko: «Dauzkagun baliabideek, ordea, mugatu egiten gaituzte, eta frustrazio hori ez dugu ez guk, ez Tolosaldeak, ez inork merezi».

Inguruko beste ospitaleekin alderatuta, pertsona bakoitzeko «askoz ere diru gutxiago» gastatzen dutela seguru dago Ortiz, pertsonal faltaz gain, material falta ere badute eta. 

Urte osoa prekarietatean daramatela salatu du Ortizek, eta lanean behin-behinean dauden gazteak izan ditu gogoan: «Finko gaudenok prekarietatean lan egiten badugu, jende gazte guzti horiek baldintza okerragoak dituzte, eta hori ere salatu egin nahi dugu».

Beraz, klinikako zuzendaritzari eskatu nahi die «pazienteari eskainitako arreta eta zerbitzuak hoberenak izan daitezen, behar diren giza baliabideak ezar ditzala».

Erlazionatuak

No hay comentarios:

Publicar un comentario