2023-10-08

Herritar, langile eta alkate, ospitale publikoari deika

 TOLOSALDEA, OSASUNGINTZA PUBLIKORIK GABE

Herritarren ezinegona, langileen haserrea eta gertuko instituzioen ezintasuna. Horiek denak biltzen ditu Tolosako Asuncion klinikaren eta osasungintzaren egoeraren aferak, eta arazoak ez dio hazteari uzten, hamarkada luzeetan egosten egon arren Lakuako Gobernuak ez baitu sua itzaltzeko pausorik eman.

Goian, Asuncion klinikaren artxiboko irudia. Behean, ezkerrean, Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea. Eskuman, Arlette Jauregi eta Iurre Aramendi Asuncion klinikako langileak. (Gorka RUBIO | FOKU; NAIZ IRRATIA)

Hamabi urte daramate Tolosaldeko herritarrek TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) plataforman antolatuta, osasungintza publikoa eta ospitale publiko bat aldarrikatzen, eskualdeko alkateak borrokan ari dira Alkateen Mugimenduaren bitartez eta kalean dira langileak ere: dagoeneko 24 greba jardunaldi gauzatu dituzte lan hitzarmena negoziatu dadila eskatuz. NAIZ Irratiak zuzeneko saio berezia egin du Tolosatik asteon, eta sutondoan jarri ditu egoerak kaltetzen dituen pertsonak.

Ezaguna da kasua, eta bakana EAEn: Tolosako Asuncion klinikaren kudeaketa pribatua da, baina Lakuarekin duen kontzertazio hitzarmen baten bitartez, zerbitzu publikoa eskaintzen die Tolosaldeko herritarrei. Hala, akordioaren bitartez, espezialitate kirurgiko ezberdinak daude klinika honetan, bertan egin behar dituzte proba medikuak eta ospitaleratze orokorrak eskualdeko 63.000 biztanleek.

Azken udal eta foru hauteskundeen atarian, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eskualde mailako ospitale berria eraikiko zutela iragarri zuen. «Jada martxan dago», segurtatu zuen Tolosan egindako mitinean, baina orduz geroztik ez du iragarpen berririk egin.

HOMOLOGAZIORIK EZ
Eskualdeko osasungintzaren afera arrangura hartuta bizi duenetako bat da Javier Arana TOPAko kidea. 2011n manifestu batekin abiatu zuen plataforma herritar talde batek eta ia 19.000 sinadura eskuratu zituen. Hasieran, kezkaz bizi zuten anbulatorioko espezializazio unitateak Asuncion klinikara bideratzeko asmoa. «Herritarren erantzuna ikusita, atzera egin zuten», esan du Aranak, eta espezialitate gehienek anbulatorioan jarraitu zuten. Hala ere, traumatologia, urologia eta kardiologia klinikak hartu zituen.

2019an, ariketa egin zen Asuncion klinikako medikuen webguneko aurkezpena eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialekoaren zerrenda alderatuz. Ondorioztatu zen klinikan %50ek ez zuela titulu homologaturik. Gerora, 2022an TOPAk salatu zuen ospitaleak ez zuela kontzertazio akordioa betetzen, hain zuzen, Asuncion klinikan mediku espezializatuen gabezia antzeman zuelako. Zuzendaritzak aldaketak bultzatzeko tenorea izan du, eta bultzatu ditu, «txarrerako», plataformako kideak gaitzetsi duenez: «Gero eta gehiago dira homologatu gabeko sendagileak. Aste honetan begiratu ditugu datuak eta ikusi dugu Osakidetzarentzat lan egiten duten sendagileen %60k baino gehiagok ez dutela espezialitate homologaturik». Hau «irregulartasun» bat dela ohartarazi du, batetik, ez delako betetzen kontzesio hitzarmena eta, bestetik, osasungintza publikoko langile batek ezin duelako baldintza horietan lan egin. «Lehen, orain urte asko, klinikan zeuden espezialistak joan egin ziren. Adibidez, traumatologiako kasik talde osoak klinika utzi zuen. Aitzakia ez da ez zegoela espezialistarik; bazeuden. Kontua da klinikako baldintzak beste lekuetakoak baino okerragoak direla, horregatik erabaki zuten alde egitea», gogoratu du Aranak.

LANGILEAK «SALDUTA»
Irailaren 29an egin zuten azken greba Asuncion klinikako langileek, borrokaldia hasi zutenetik 24.a. Egun horretan, herritarrak ere batu ziren protestara beharginei sostengua adierazteko, TOPA plataformaren deiari erantzunez. Maiatzean hasi zituzten mobilizazioak, baina lan hitzarmena berritzeko negoziazioak hasierako puntu berberean jarraitzen du.

330-350 pertsona artean daude klinika pribatuarentzat lanean, eta horietako bik, Arlette Jauregik eta Iurre Aramendik, aitortu dute egunero «presiopean» lan egiten dutela. «Eskualde zaharkitua da gurea, horren ondorioz, presioa gero eta handiagoa da», agertu dute.

Beharginek zuzendaritzarekin duten harremana ez da ona. «Gero eta okerrago gaude -diote-, eta horrek ez gaitu batere laguntzen. Psikologikoki eta fisikoki eragiten digu, gero eta langile gehiago daude bajan. Luze egiten ari zaigu».

Horrek ez dakar hitzarmena negoziatzeko aldeko girorik. «Zuzendaritzak -esan dute Jauregik eta Aramendik- ez du esertzeko borondaterik» eta, langileen esanetan, soldatak igotzeko eskaerari aitzakiekin egiten dio ihes. «Esaten du ez dagoela dirurik, egitura berri batzuk egin dituela eta hor asko inbertitu duela... betikoa».

Lakuako Osasun Sailarekin hitzordua lotu nahian dabiltza beharginak ekainaz geroztik, eta ez dute erantzunik jaso. Bitartean, klinikako zuzendaritzak dio Lakuak kontzertazio hitzarmena sinatzen ez badu ezin duela enpresako hitzarmena berritu. Eskumenen eta erruen dantza honetan, «salduta» geratu dira langileak: «Ez dira inongo adostasunera iristen. Beraiek [Lakuak] kontzertua sinatzen ez duten bitartean, zuzendaritzak ez du soldata igoerarik aplikatuko, ez ezer eskainiko. Esaten digutena da hitzarmen hori sinatzen ez bada ospitalea ixtea erabakiko lukeela. Eta ixten bada, eskualdeko 63.000 biztanleok nora jo behar dugu? Nork artatuko gaitu? Zer gertatuko da langileekin? Inork ez daki»

Nabarmendu dute, gainera, Gipuzkoako gainontzeko ospitaleek ez dutela baliabide nahikorik Tolosaldeko 63.000 biztanleen arreta medikoa beraien gain hartzeko. «Osasungintza publikorik gabe geratuko ginateke», ohartarazi dute.

KALITATEZKO ZERBITZURIK GABE
Tolosako Triangelu plazan jarri da NAIZ Irratiko mikrofonoaren parean Andu Martinez de Rituerto alkatea. Leku honetatik egin zuen Urkulluk ospitale berriaren iragarpena, baina Tolosaldeko ospitale berriaren plan funtzionala, egun, «aurkeztu zuten egoera berean» dagoela zehaztu du alkateak.

Plan horrek zehazten zuen Udalak Hirigintza Plan Orokorraren aldaketa partziala egin behar zuela, aukeratutako tokian ospitalea eraiki ahal izateko. Udalak prozesua abiatu zuen, baina talde teknikoak hainbat datu behar ditu aurrera egiteko, horien artean, ospitaleak hartuko duen azalera osoa. Abuztu bukaeran Osasun Sailera zuzendu zen Udala, sailburuari jakinarazteko datuok premiaz behar zituela. «Oraindik ez dugu erantzunik jaso», esan du Martinez de Rituertok. «Prozesu honek data zorrotzak ditu. Enpresa bat kontratatu genuen ekainean eta, berez, hamaika hilabeteko epean egin behar da aldaketa hori. Ez baditugu datak betetzen ezingo dugu oinarrizko aldaketa hori egin», esplikatu du.

Tolosako alkateak, hala ere, nahiago du ospitale berria egin ordez Asuncion klinika publifikatzeko aukera aztertu. Ez dugu ospitale berria aldarrikatzen, gainontzeko eskualdeek jasotzen duten arreta berdina baizik, kalitatezko arreta publikoa. Ikusita azken urteetan klinikak modernizatzeko eta egokitzeko egin dituen inbertsioak, Sagarduiri [Gotzone Sagardui Osasun sailburuari] eskatu diogu mahai gainean jar ditzala bi aukeren (ospitale berria egin ala Asuncion publifikatu) abantailak eta desabantailak. Ia 9 milioi euroko inbertsioa egin da, eta orain ospitale berria iragarri dute. Zer gertatuko da klinikarekin? Langileei irtenbide bat eman behar zaie».

Egoerak irtenbidea behar du, egungo ereduak ez duelako funtzionatzen. Ezinegon ugari zabaltzen ditu Asuncion klinikak herritarren artean, zerga berdinak ordaintzen zerbitzu desberdina jasotzeagatik «bigarren mailako» sentitzeraino, NAIZ Irratiari kontatu diotenez. Azken urteak, gainera, konplexuak izan dira. «Espezialista homologaturik gabe egon gara, hainbat irregulartasun larri gertatu dira», aipatu du Martinez de Rituertok.

«Nik beti defendatu dut zerbitzu publikoak kalitatezko zerbitzua bermatu behar duela. Momentu honetan hori ez da bermatzen. Kezkaz bizi dugu», zehaztu du.

Hala ere, bada gaiari nondik bultza. Tolosaldeko eta Andoaingo alkateak -Asuncion klinikara bideratzen baitituzte andoaindarrak ere- Alkateen Mugimenduan batuta daude. «Denok adierazi dugu urteetan izan dugun kezka: eskualde bakarra garela ospitale publikorik gabe», esan du Tolosako alkateak. Osasungintzako eskumenak ez dira udalenak; hala ere, Tolosako alkateak iruditzen zaio garrantzitsua dela aldarrikapena.

Hala, hiru fronte ari dira egoera alda dadin borrokatzen: Alkateen Mugimendua, TOPA eta langileak. Eta urteen poderioz, ahazten baino hazten ari da arazoa.


Adierazpenak

«Alderdi politiko ezberdinekin bilerak izan ditugu eta inork ez dauka garbi zer gertatuko den»

ARLETTE JAUREGI - IURRE ARAMENDI
Asuncion klinikako langileak

«Zerbitzu publikoek kalitatezko arreta eman behar dute; gurean ez da hori bermatzen»

ANDU MARTINEZ DE RITUERTO
Tolosako alkatea

1 comentario:

  1. Alkate honekin aurreko alkatearekin baino informatuago, entzunago, ulertuago, lagunduago, ordezkatuago, sentitzen gara.

    ResponderEliminar