2023-10-14

Usabalgo emakida kontratua deuseztatuko du udalak

(Tolosako alkateak legegintzaldiko lehen 100 egunetako balorazioa egin du)



Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok esan du BPX enpresa ez dela kontratua betetzen ari, eta «zerbitzuaren gaineko kontrola berreskuratzeko» bertan behar utziko dutela.

Tolosako alkateak legegintzaldiko lehen 100 egunetako balorazioa egin du eta bertan aipatu du Usabal kiroldegia kudeatzeko kontratua etengo diotela BPX enpresari. Neurri horrekin zerbitzuaren kontrola berreskuratu nahi du udalak eta beraz, kontratazio berri baterako prozesua abiatuko dute denbora tarte mugatu baterako. «Hori bai, paraleloan, denbora tarte hori gure herriko kiroldegiaren etorkizuneko kudeaketa ereduaren inguruan hausnartzeko ere erabili nahiko genuke. Eta, ezinbestean, badira gogoeta horretan kontuan hartu beharreko ezinbestekoak: halakorik berriro gerta ez dadin zerbitzua bermatzea, zerbitzu hori bera kalitatezkoa izatea eta zerbitzu hori emateko lan egingo duten langileen baldintza egokiak bermatzea». Gehitu du iritsiko dela hausnarketa horretarako garaia, eta orain, konponbide horretan jarriko dituztela indarrak. «Gaiaren konplexutasuna ikusita, iritsiko da garaia prozesu guztian gertatutakoaz luze eta zabal hitz egiteko. Zin dagizuet konpromiso hori beteko dugula».

Zumarditxikia
Lehen 100 egunetako jardunaren errepasoari jarraituz, Zumarditxikiari buruz hitz egin du, era berean. Espazio hori herritarrentzat berreskuratu nahi duela esan du, baina momentu honetan hiru proiektuk baldintzatzen dutela: Zubi Berriaren etorkizunak, aparkalekuen egoerak eta Santa Klarako irisgarritasunak.

Zubi Berriari buruz esan du Tolosan duen uholde arriskua erreala dela eta horri nola aurre egin aztertzen ari direla URA agentziarekin, baita maila akademikoarekin ere. «Dudarik gabe, Zumarditxikiaren proiektuari eragingo lioke. Horregatik osotasunean aztertu beharko da guztia». Horri lotuta dago ere Zumaditxikiaren lanek sortuko luketen aparkaleku arazoa. Gai hori konplexua dela esan du, «arazo estruktural bat baita». Azterketa integral bat abiarazteko lanean ari direla esan du, eskuartean datu errealak izanda irtenbideak aplikatzen hasteko. Hori amaitu arte Zumarditxikitik ez dute kotxerik aterako.

Santa Klara inguruan irisgarritasuna hobetzea «ezinbestekotzat» jo du eta horretarako bertan lan «txiki» bat egin nahi dutela esan du. «Proiektu honek, ez lioke eragingo balizko etorkizuneko Zumarditxikiaren proiektu handiago bati. Gauzak aurreratzen joan ahala, emango dugu horren berri sakonago».

Bada Tolosan herritarren kexak ekarri dituen beste gai bat ere, Sagrado Corazon etxea. «Gure herriko ondarea zaintzea eta babestea ezinbestekoa da. Horregatik, eraikina mantentzeko proposamen zehatz bat jarri dugu mahai gainean, etxebizitza berriak egiteko aukerari uko egin gabe. URA agentziaren txostenaren zain gaude proposamen horrekin aurrera egin ote genezakeen ala ez jakiteko. Telefonoz baiezkoa eman ziguten, behin behinean; idatzizko behin betiko txostenik ez da iritsi, oraingoz. Ea datozen asteetan nobedaderik ote dugun honen inguruan».

Osasungintza
Tolosako alkateak gogoratu du eskualdeko osasungintzari lotutako Tolosaldeko Alkateen Mugimendura batu dela gaiari modu bateratuan aurre egiteko. Osasun Sailburuari ospitale berriaren inguruko informazio zehatza eta Osasun Mahaian parte hartzeko ordezkari bat izendatu zezan eskatu zuela esan du baita aurrez aurreko bilera bat ere. «Ahalik eta lasterren erantzungo zigula esan zigun. Oraindik zain jarraitzen dugu».

Bukatzeko auzotarrak izan ditu gogoan eta auzoz auzo bilera egutegi bat zehaztu dutela esan du eta benetan aberasgarria izaten ari dela errealitate, proposamen, behar eta kezka ezberdinak aurrez aurre planteatzeko aukera izatea.

-----------------------------------------


Erlazionatutako artikulua:

No hay comentarios:

Publicar un comentario