2023-10-05

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira Asuncion Klinikako langileak

Gaur goizen Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira Tolosako Asuncion klinikako langileak. LAB eta ELA

Asuncioneko langileek Gasteizko Legebiltzarraren parean elkarretaratzea egin dute gaur, Gotzone Sagardui osasun sailburuari euren aldarrikapenak helarazteko.

Asuncion klinikako langileak mobilizazioak egiten ari dira eta 23. greba eguna dute. Gaur goizean Gasteizko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin dute klinikako langileek eta Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeko kideek euren aldarrikapenak helarazteko Gotzone Sagarduiri, Osasun saileko zuzendariari.

LAB eta ELA sindikatuek uste dute eskualdeko ospitale publikoaren proiektua «oso urrun» dagoela langileen aldarrikapenetatik: «Ez du bermatzen %100 publikoa izango denik, eta ez ditu aurreikusten beste eskualdeetako ospitaleek dituzten zerbitzuak ematea».

Era berean, nabarmendu dute Plan funtzionalaren zirriborroak ez duela zehazten zer gertatuko den klinikako 328 langileekin, eta langileek egindako mobilizazioak gorabehera, zentroa kudeatzen duen enpresak ez omen du negoziatzeko «inolako borondaterik». Aldarrikapenak ere berretsi dituzte: «Lan berbera egiten duten Osakidetzako langileen baldintzetara gerturatuko dituen KPItik gorako soldata igoera eta 35 orduko lanaldia». Sindikatuen arabera, Asuncion kudeatzen duen INVIZA enpresa taldeak 5,8 milioi euroko etekinak izan ditu azken lau urteetan.

Mobilizazio gehiago
TOPAk bihar mobilizatzera deitu ditu herritarrak: 12:00etan Asuncion klinikan elkarretaratzea egingo dute. TOPAk elkartasuna adierazi nahi die Asuncioneko langileei eta uste du «lan baldintza egokiak» behar dituztela euren lana behar bezala egiteko, «hori horrela, elkartasuna adierazi nahi diegu Asuncion Klinikako langileei, 2021. urtetik lan hitzarmena berritu gabe baitaukate eta horrek erosteko ahalmenean galera nabarmena ekarri die».

Biharko elkarretaratzea ez da TOPAk osasun publikoaren alde eskuartean duen mobilizazio bakarra. Osasungintza publikoaren aldeko plataformak biltzen dituen OPA koordinakundearen eskutik, azaroaren 11n Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo diren manifestazioetara joateko deia egin du.

Pribatizazioaren aurrean
Mobilizazioak osasun sistema «pribatizatzeko» asmoen aurka eta osasun arreta «duin eta unibertsalaren» alde egiteko baliatuko dute. Hain zuzen osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek topaketa egin zuten asteburuan Araian (Araba) eta bertan egin zuten mobilizaziorako deia. Euren iritziz Eusko Jaurlaritzak «manipulazio estrategia» bat abiatu du «osasun publikoa ahultzen eta desegiten jarratizeko». Are, salatu dute, osasungintza publikoaren alde gizarteko zerbait sektorek egindako eskaerei bizkarra eman diela, eta sare pribatua «gizentzea» hautatu duela. «Negozio biribila ateratzen zaie: itxaron zerrenda datuak klinika pribatuetara desbideratuz apaintzen dituzten bitartean, egiturazko arazoak konpondu gabe jarraitzen du», salatu dute OPAko kideek.

-----------------------------------

ERLAZIONATUTAKO ARTIKULUAK  -  ARTÍCUOS RELACIONADOS
Langileen lan baldintza duinak eskatu dituzte elkarretaratzean
Tolosaldeak beste eskualdeek duten ospitale publikoak bezalako ospitalea behar duela aldarrikatu du TOPAk. "Hemen zergatik ez?" galdetu du Javier Arana TOPAko kideak.

24. mobilizazio eguna dute gaurkoa klinikako langileek, ELA eta LAB sindikatuen babesarekin. TOPAk deituta, herritarrak ere gerturatu dira protestara, langileei elkartasuna azaltzera. Asuncionen kanpoan elkarretaratzea egin duten bitartean, hainbat herritar klinika barrura sartu dira eserialdia egitera.




No hay comentarios:

Publicar un comentario