Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko
plataformak 2016a urte erabakigarria izango dela esan du. 300 lagun
inguru elkartu dira elkarretaratzean, sektore desberdinak ordezkatuz.
Mobilizatzen hastera doazela iragarri dute.
Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak, TOPA-k,
elkarretaratze jendetsua antolatu du gaur eguerdian. Herritarrekin
batera, Tolosako Trianguloan, sektore desberdinetako aurpegiak elkartu
dira bertan. Lehenik idatzi bat irakurri dute, eta ondoren, bertsotan
Eusko Jaurlaritzari bidali diote mezua.
TOPAk gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Asuncion Klinikak duela
lau urte sinatu zuten hitzarmena. Balorazioa negatiboa dela azaldu du
TOPA-k, adibide zehatzak aipatuz: "azpiegituren kalitate eskasa;
larrialdietan espezialista gutxiago; langile ratio txikiagoa...".
Tolosaldeko herritarrak "une erabakigarri" baten aurrean daudela esan
dute, ondoren. Izan ere, 2016an amaitzen da Eusko Jaurlaritzaren eta
Asuncion Klinikaren arteko hitzarmena. Hortik aurrera zer? Herritarren
esku dagoela esan dute TOPA-tik: "Ez dago inolako aitzakiarik,
bidegabekeria hau justifika dezakeenik, eta gure ardura izango da ez
mobilizatzea, eta inposizio hau onartzea. Gure ardura izango da
osasunaren pribatizazio hau onartzea. Baina esan nahi dizuegu era
berean, baldin eta mobilizatzen bagara, Tolosaldeko herritarrontzat
osasun sistemarik onena lortuko dugula. Hain zuzen ere sistema publiko
bat, konpromisoa pertsonarekin izango duena, eta interes ekonomikoen
gainetik egongo dena".
2016ra begira, mobilizazioekin hasteko asmoa agertu dute Tolosaldeko
Osasun Publikoaren Aldeko plataformatik, sektore desberdinak
harremanetan jarriz: "Helburua da, hasiera ematea sektorekako
mobilizazio kate bati, harremanetan jarrita, besteak beste, alor edo
sektore hauekin: osasuna, sindikatuak, hezkuntza, komunikabideak,
kultura, kirola, musika, talde sozialak, auzo elkarteak, merkataritza,
ostalaritza, langile publikoak, ikasleak, pentsionistak, eta abar.
Sektore horiekin bilduko gara justiziaz gurea dena lortzeko, guk ere
izan dezagun beste eskualdeek borrokarik egin gabe aspalditik
daukatena."
Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma
"Lau urte igaro dira Eusko Jaurlaritzak Tolosaldean klinika
pribatu batekin, Asuncion klinikarekin, hitzarmen bat sinatu zuela.
Orduan onartu zuten Tolosaldeko zerbitzuen kalitatea okerragoa zela
herrialdeko beste eskualdeekin konparatuta; eta hura hobetzeko irtenbide
bezala saldu ziguten hitzarmen hori.
Baina hitzarmen horren ondorioak oso bestelakoak izan dira,
biztanle kopurua aintzat hartuta, Tolosaldea da eskualde bakarra ez
duena ez ospitale publiko bat, ez espezialitate guztiekin osatutako
anbulatorio bat.
Hitzarmen horren balantzea egin beharra daukagu , lau urte
hauetan osasun zerbitzuaren kalitatea gainbehera joan da: azpiegituren
kalitate eskasa; larrialdietan espezialista gutxiago; langile ratio
txikiagoa... Gure osasuna gutxi batzuen negozio bihurtu da, eta pertsona
helburu izan beharrean, errentagarritasun ekonomikoari bakarrik
begiratzen diote. Beraz, negatiboa da hitzarmenari buruz egiten dugun
balorazioa.
Baina esan behar da herritarren presioari esker lortu dugula
neurri batean Jaurlaritzaren helburuak gelditzea. Bi adibide garbi
ditugu horretarako: bata, Tolosaldeko herritarroi debekatu nahi ziguten
Donostia Ospitaleko larrialdietarako arreta zuzena; eta bestea,
espezialitate guztiak anbulatoriotik kendu eta Asuncion Klinika
pribatura eraman nahi zituzten. Baina bi helburu horiek gelditzea lortu
dugu, manifestazio, agerraldi, sinadura bilketa eta beste hainbat
ekintza jendetsuri esker.
Borroka ez da bukatu, 2016ko azaroan bukatuko da Eusko
Jaurlaritzaren eta Asuncion Klinikaren arteko hitzarmena. Tolosaldeko
herritarrok sekulako aukera dugu, erabakitzeko zer osasun sistema nahi
dugun eskualderako. Ez dugu onartuko ez Jaurlaritzaren inposiziorik ez
aldebakarreko erabakirik. Eskualdeko gizarteak erantzun tinko eta garbia
eman behar du momentu erabakigarri honetan, Tolosaldeko herritarrok
erabaki nahi dugu zein osasun sistema izan behar dugun eskualdean.
Horregatik egin dizuegu dei gaur hona etortzeko, eta esan nahi
dizuegu ez dagoela inolako aitzakiarik, bidegabekeria hau justifika
dezakeenik, eta gure ardura izango dela ez mobilizatzea, eta inposizio
hau onartzea. Gure ardura izango dela osasunaren pribatizazio hau
onartzea. Baina esan nahi dizuegu era berean, baldin eta mobilizatzen
bagara, Tolosaldeko herritarrontzat osasun sistemarik onena lortuko
dugula. Hain zuzen ere sistema publiko bat, konpromisoa pertsonarekin
izango duena, eta interes ekonomikoen gainetik egongo dena.
Aurrerantzean gure familiek jasoko duten osasun arreta denon
konpromisoaren eta mobilizazioren baitan egongo da. Gutako bakoitza
mugitzen den edo lan egiten duen sektorean hartzen duen konpromisoaren
eta egiten duen mobilizazioren baitan.
Elkarretaratze honen helburua da, hasiera ematea sektorekako
mobilizazio kate bati, harremanetan jarrita, besteak beste, alor edo
sektore hauekin: osasuna, sindikatuak, hezkuntza, komunikabideak,
kultura, kirola, musika, talde sozialak, auzo elkarteak, merkataritza,
ostalaritza, langile publikoak, ikasleak, pentsionistak, eta abar.
Sektore horiekin bilduko gara justiziaz gurea dena lortzeko, guk ere
izan dezagun beste eskualdeek borrokarik egin gabe aspalditik
daukatena".
Elkarretaratze amaieran, bertsotan
Albistea beste komunikabideetan:
No hay comentarios:
Publicar un comentario