Elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloa plazan. Beste hitzarmen
bat sinatu nahian dabiltzala diote, baina negoziazioa oraintxe bertan
blokeatuta dagoela gaineratu dute.
Elkarretaratzea egin dute Asuncion Klinikako langileek Tolosako Trianguloa plazan |
"Sei urte daramatzagu inongo igoerarik gabe, soldata izoztuta dugu
eta gure egoera gero eta okerragoa da", azaldu dute langileek. "Sei urte
daramatzagu saiakeretan, eta azkenean enpresaren aldetik ez dugu
mugimendurik ikusten".
2011n beste gatazka bat izan zuten Asuncion Klinika kudeatzen duen
Inviza enpresarekin. "Beraiek nahi zuten bere kabuz soldata jaitsi,
inongo arrazoirik gabe. Esaten zuten diru gutxiago zutela eta gure
soldatak jaitsi egingo zituztela. Epaiketa batera joan ginen eta irabazi
egin genuen, eta ezin izan ziguten soldata jaitsi. Baina orain ez
digute igo nahi, ezta gure baldintzak hobetu ere", esan dute langileek.
Mobilizazioak egin dituzte klinikan, baina orain beste pauso bat eman
dutela azaldu dute, Trianguloa plazan egindako elkarretaratzearekin.
"Hemendik aurrera elkarretaratze eta protesta gehiago egingo ditugu,
prentsaurrekoak, karabanak..., erakusteko gaizki gaudela eta ea jendeak
laguntzen digun eta Eusko Jaurlaritzak ere jasotzen duen honen berri",
zehaztu dute langileek. Tolosaldean arazo bat dagoela gaineratu dute:
"Azken finean Eusko Jaurlaritzak dirua ematen dio Inviza enpresari
zerbitzu bat emateko, eta honen kudeaketa pribatua da, eta diru hori
xahutu egiten dute. Biztanleriak ere jasotzen ditu horren ordainak,
Eusko Jaurlaritzatik erakusten ari diren utzikeria horren ordainak".
--------------------------------
No hay comentarios:
Publicar un comentario