2016-09-15

Kalitatezko osasun-arretaren alde lan egiteko apustua berretsi du EH Bilduk

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina ekitaldia egin du astearte goizean EH Bilduk, Tolosako Asuncion Klinikan.




Rebeka Ubera EH Bilduko kideak gogorarazi duenez, bukatzear dago Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Inviza enpresarekin Asuncion klinikaren zerbitzuak kontratatzeko duen akordioa. 

Uberak salatu duenez, hitzarmen horrek "disfuntzioak" eragin ditu azken urteetan, eta osasun publikoa "ahuldu" du. Beren helburua da Tolosaldeko herritarren osasun-egoera hobetzea, "inolako mendekotasunik gabe" bizi daitezen. 

Beharrezkotzat jo dute trebakuntzan, ikerkuntzan eta berrikuntzan oinarritutako sarea eraikitzea eta langileen lan-baldintza onak bermatzea. 

Adierazi dutenez, Asuncion Klinika publikoa izatea da EH Bilduren helburua, baina "elkarrizketa" eta "adostasuna" lehenetsiko dituzte Asuncion klinikaren berregituraketa zein izango den erabakitzeko. 

Horretarako, hiru "konpromiso" hartu dituzte: elkarrizketarako mahaia sortzea Tolosaldeko herritarrekin eta inplikatutako eragile guztiekin, hitzarmenaren ebaluazioa egiteko irizpideak adostea, eta bertatik ateratako ondorioak herri galdeketa batean galdetzea.


------------------------

No hay comentarios:

Publicar un comentario