2023-02-21

Osasun publikoa, Ostegun gizenean ere aldarrikapen

Festa eta aldarrikapena uztartuta, Ostegun Gizenarekin hasi ziren atzo inauteriak Tolosan, giro ezin hobean. 91 urteko Antxon Elosegi inauterizalea izendatu zuten Kabi Alai Kuttun, eta bere ardura izan zen herrian zehar festa zabaltzen duen txupinazoa botatzea. Esan zigun osasunak uzten dion bitartean festan jarraituko duela.

naiz.eus

Plaza, jendez gainezka; «manifestariak» jende artean eskailerak garraiatzen; Ostegun Gizena, txerriarekin kalejiran; manifestariek udaletxea hartu zuten unea; eta Pintxana txaranga kalean zehar. (Gorka RUBIO | FOKU)

Plaza Zaharra eta inguruak jendez gainezka zeudela, txupinazoa jaurti zuten asteartera arte iraungo duten Tolosako inauterien hasiera iragartzeko. Hala, saltoka eta dantzan jarri ziren bertan zeuden ehunka lagunak, festa eta mozorro gogoz, txarangaren musika eta eguraldia lagun.

Ostegun Gizeneko txupinazoan festa eta aldarrikapena ere uztartu zituzten tolosarrek eta ospitale publikoaren auzia lehen lerroan egon zen. Suziria jaurti baino minutu batzuk lehenago ospitaleko «langile, mediku eta erizain» mordoa agertu ziren plazan, eskailera handi bat hartu eta udaletxeko balkoira igo ziren petardoekin izugarrizko zarata ateraz. Balkoian honako pankarta jarri zuten: «Sagardui iruzurrik ez, ospitale publikoa».

Ohiko udalbatza balkoira atera orduko hasi ziren «protestak», eta laster manifestarien oihuek isilarazi zituzten. «Herriak nahi duena, osasun publikoa!», zioten. Eskailerekin udaletxea abordatu ostean, udalbatza balkoitik «bota» zuten.

Udalbatzak eskakizun guztiak onartu zituen eta hitzarmena sinatzen zuten bitartean, manifestariek erabaki zuten bazela garaia egiten ari zirenarekin jarraitzeko. Alegia, inauterien txupinazoari tartea egiteko. Horretarako, Patxi alkateak aurtengo Kabi Alai Kuttunari deitu zion, Antxon Elosegiri. Dotore jantzi zen okasiorako, ttattar gorri handi eta kapelarekin. Eta sudur gorri apain bat ere bazeraman. 91 urte bete berri dituen inauterizaleak gogoz hartu zuen txupinazoa botatzeko ardura. Hark «gora Ostegun Gizena, gora Tolosa eta gora gure Inauteriak!» oihukatu orduko lehertu zen festa, ohi bezala, kolore distiratsuko konfeti artean. Txarangaren musikarekin batera, dantzan eta saltoka hasi ziren bertaratuak, eta herrian zehar kalejira egin zuten Ostegun Gizen Konpartsa batu zitzaienean.

Ilusioa eta borondatea

Baina Elosegiren lana ez zen hor amaitu. Onena geratzen zitzaion: ondo pasatzea eta hainbeste maite duen festa horretaz gozatzea, eta horretan aditua da. Aitortu zuen berarentzat oso hunkigarria izan zela udaletxeko balkoian egotea, txikia zenetik bizi izan dituelako inauteriak. «Inauteriek duten musika, zezenak eta irudimena dira tolosar batentzako bitaminarik onena. DNAn daramagu», aipatu zuen, eta aldarrikatu zuen gustatuko litzaiokeela urte osora zabalduko balitz egun hauetan izaten den umore ona, goxotasuna, elkartasuna eta errespetua.

«Pasa den urtean gaixo egon nintzen, bost aldiz sartu ninduten kirofanora, ia erosi nuen apartamentu bat Poliklinikan! Aurten ahal dudan guztia emango dut, baina ez pentsa, 91 urte ditut eta!», esan zuen. Betebehar moduan hartzen du aurrera jarraitzea, «osasuna dudan bitartean». «Bizitzeko ilusiorik eta borondaterik ez baduzu, hemen ez duzu ezer egiten. Jo eta ke, aspertu arte!», oihukatu zuen.

Horretaz gain, kontatu zigun lagunekin bazkaltzera zihoala, eta inauteriak igaro ostean, sanferminetarako plana pentsatzen hasiko direla. «Urtero joaten gara eta ondo antolatu behar dugu. Balkoitik esan behar nuen ‘pamploneses, pamplonesas, gora San Fermin!’, baina adorea falta izan zait!», aipatu zuen umoretsu.

---------------------

  • 2023ko Inauterietako Txupinazoa

YouTube (eitb)-tik aterata (00:55 - 07:55) 

Pentsio duinak, erietxe publiko bat eta Alde Zaharreko bizilagunen eskaerak aldarrikatu ditu Kabi Alai elkarteak Tolosako inauterietako txupinazoan. Antxon Elosegi izan da Kabi Alai Kuttuna

No hay comentarios:

Publicar un comentario