2023-02-06

Jendetza elkartu da Donostia ospitalearen aurrean, bertan artatuak izateko eskubidea aldarrikatzeko

ataria.eus

TOPAk eginiko deialdiari erantzun bikaina eman diote eskualdeko herritarrek. Tolosaldetik eta Andoaindik hiru autobus gerturatu dira Donostia ospitalearen aurrera. Hainbat herritarrek protesta ospitale barrura eraman dute, bertan eserialdia eginez.

Tolosaldeko ospitale berria martxan jarri bitartean, paziente bat ados ez badago Tolosaldean eskaintzen zaion arretarekin, aukera izan dezala Donostia ospitalera eta hango espezialistengana joateko, Asuncion Klinikarekin sinatu zen hitzarmenaren aurretik egiten zen bezala. Hori da Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko plataformak gaur Donostiako ospitalearen aurrean aldarrikatu duena. «Eta Tolosaldean jasotzen duen arretarekin gustura dagoenak jarrai dezala klinikara eta haren kontsultategietara joaten», zehaztu dute.

Tolosaldean arazo larri baten aurrean gaudela iritzi diote TOPAko kideek: «Batetik, Asuncion Klinikari espezialistak falta zaizkio, eta bestetik, klinikako espezialista gehienek ez dute titulu homologaturik». Horri azpiegitura gabeziak gehitu behar zaizkiola uste dute osasun publikoaren aldeko plataformako kideek, «batik bat, larrialdietan eta kirofanoetan».

Gainerako eskualdeetan jasotzen den arretatik Tolosaldea urrun dagoela uste dute TOPAko kideek. Ospitale berria eraikitzerako 10 urte igaroko direla kalkulatu dute, eta onartezina iruditzen zaie egoera: «Ez da bidezkoa, ez eta ekitatiboa, berriro ere horrenbeste urtetan jasan behar izatea duela urte batzuetatik hona jasaten ari garen bigarren mailako arreta hori».

Mobilizaziorik gabe konponbiderik ez dagoela esan dute ozen gaur eguerdiko elkarretaratzean, Donostiako ospitalearen aurrean. Bertan izan dira eskualdeko herritarrak, baita ere Alkateen Mugimenduko kideak.

-------------------------------

Donostia ospitalearen barrura sartu dira protestan Tolosaldeko herritarrak

Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko plataformak elkarretaratzea egin du Donostian, eguerdian. Herritar ugari elkartu da bertan, Donostiako ospitalean artatuak izateko eskubidea aldarrikatuz.


No hay comentarios:

Publicar un comentario