Asunción Klinikak Traumatologian zeuzkan espezialisten erdia galdu du eta ez du haien ordezkorik aurkitzen. TOPAk bere garaian egin zuen lan bat eskualdeetako osasun-plantilen egoera konparatzeko, eta kontuan izanda gurean atenditu beharreko biztanle kopurua 65.000 dela, Tolosaldeak 6,5 espezialista beharko lituzke Traumatologian, baina, gaur egun, 3,5 ditu.
Espezialista horiek Klinika uzteko arrazoia izan da beste zentro batzuek lan-baldintza hobeak eskaini dizkietela, eta ez bestelako ezinbesteko arrazoiren bat (hil egin direlako edo jubilatu).
Gabezia horren ondorioa da itxaron-zerrendak gora egin duela Traumatologiako kontsultetan. Hala, jakin dugu 200 bolante baino gehiagok bi hilabetetik gora daramatzatela noiz atendituko zain (nahiz eta bolante horiek lehentasuna izan).
Panorama honen aurrean, jendea oso haserre dago, kontsultetan ez ezik, kirurgia-operazioetan ere atzerapenak daudelako (operazioei buruzko datuak ezkutatu egiten dizkigute Osakidetzak eta Klinikak).
Bestalde, atzerapen horiek berekin dute atzeratze bat pazienteen sendaketan ere, eta, era berean, laneko bajak luzatu egiten dira eta galera ekonomiko garrantzitsuak eragin.
Hori guztia Traumatologian ari da gertatzen orain, baina espezialista batzuk urteak daramatzate Klinikan lanean eta denbora gutxian horietako batzuk jubilatzen direnean, arazoa beste sail batzuetan gertatuko da, besteak beste, Barne-medikuntzan, Kirurgian, Urologian edo Kardiologian.
Osasun-agintarien hitzetan, EAE oasi bat da beste erkidego batzuekin alderatuta, baina, gure ustez, halako basamortu bat ere badauka barruan, Tolosaldea izenekoa, eta tematuta daude ez konpontzen, hitzarmen publiko-pribatua luzatuz eta iskin eginez diru publikoak behar bezala kudeatzeko erantzukizunari. Klinika pribatu honi 20 milioi euro ordaindu dizkio Eusko Jaurlaritzak ematen ari ez den zerbitzu baten truke, eta OSI Tolosaldeak diru horren erabilera kontrolatu beharko luke. Non dago, ordea, kontrol hori?
PRENTSAURREKO KOLEKTIBO BAT EGIN NAHI DUGU ETA BERTARA AZALTZEKO DEIA EGITEN DIEGU ZUZEN-ZUZENEN INFORMAZIO JASO NAHI DUTENEI, ZERBAIT KONTATU EDO KEXA EGIN NAHI DUTENEI, OSASUN ARLOKO PROFESIONALEI ETA ARDURADUN POLITIKOEI
ABENDUAK 2, LARUNBATA, 12:00ETAN, TOLOSAKO KULTUR ETXEAN
KONPONBIDEA GURE KONPROMISOAREN ESKU DAGO. AZALDU!!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario