Itzea Urkizu Arsuaga TOLOSALDEKO ATARIA
Zuzendaritzak hartutako azken neurriak gaitzetsiz, agerraldia eskaini dute langile batzordeko kideek; pazientearen segurtasuna arriskuan jartzen dutela nabarmendu dute.
Duela pare bat aste zabaldutako oharrari jarraipena eman dio, gaur eguerdian, Inviza S.A. enpresak kudeaturiko Tolosako Asuncion klinikako langileek eskaini duten agerraldiak. Zuzendaritzak azken asteotan zenbait neurri "inposatu" dizkietela argituz, beren egunerokoa salatu nahi izan dute, eta neurri horiek auzitara eraman nahi dituztela azpimarratu.
2018an, hainbat lanuzte eta greba egunen ondoren lehen lan hitzarmena lortu bazuten ere, zuzendaritzak aldaketak egin dituela azaldu dute: "Gure hitzarmena eta langileen estatutua ez betetzearekin batera, hainbat aldaketa ezarri dituzte klinikako egunerokoan, aldebakartasunez. Horrek, noski, zerbitzuaren kalitateari eta langileoi eragiten digu, zuzenean".
Invizako zuzendaritzak azken asteotan proposatutako "berrantolaketa" baten haritik heldu dira, langile batzordearen protestak: "Hala deitzen diote, baina aldaketa guztiek zuzenean eragiten diote pertsonalari: lanaldiak, ordutegiak, irteerengatiko soldatak,...". Besteak beste, Zumarragako, Mendaroko eta Bidasoako ospitaleetako egoerarekin alderatu dute eurena, azalduz, Asuncion klinikan egon behar luketen langileen herena falta dela. "Gaur egungo egoera kezkagarria da, eta honek guztiak areagotu egiten du Tolosaldeak beste eskualdeekin osasun arretan duen aldea".
Komunikabideen aurrean salatutako informazioa erakunde publikoetara ere helarazi dute, baina ez dute haien erantzunik jaso, diotenez: "Eusko Jaurlaritza, Arartekoa, Osasun Saileko Gipuzkoako lurralde ordezkaria eta ESIa jakinaren gainean daude, baina ez dute neurririk hartzen". Bide horretan, klinikako langileek gogora ekarri nahi izan dute, Asuncion klinikaren betebeharra dela "kalitatezko osasun arreta eskaintzea", enpresa diru publikoz finantzatzen denez gero: "Ordea, aldaketa hauek guztiek enpresaren irabaziak handitu, eta gastuak gutxitzea dute helburu".
ELA eta LAB sindikatuekin landutako salaketa mahai gaineratuta, beraz, "gertakari larriagoak etorri aurretik", beharrezko neurriak hartzera deitu dituzte eskualdeko ordezkari politikoak eta udalak, "lan baldintza duinagoak eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko".
No hay comentarios:
Publicar un comentario