2021-04-08

Adostasunik gabe ez dela posible kalitatezko osasun publikoa bermatzea uste du EH Bilduk



EH Bilduk Tolosaldeko Alkateen Mugimenduari babesa adierazi dio, eta Osasun sailari eskualdeko eskariak aintzat har ditzala eskatu dio.

EH Bilduk esan du erabat babesten duela Tolosaldeko Alkateen Mugimendua, eta ekimenaren helburuekin bat datorrela. «Eskualdean osasungintza publikoaren arloan dagoen hutsunea betetzeko helburua ezarri dio mugimenduak bere buruari, eta bertan, aktiboki ari dira parte hartzen gure alkateak», esan du Gurutze Etxezabal EH Bilduren Tolosaldeko arduradunak.

Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Tolosako anbulatorioan egin duten agerraldian, Etxezabalek beharrezkotzat jo du osasungintzaren eredua zehaztu eta adostasunak lortzea: «Tolosaldearen beharrak zeintzuk diren aztertu eta balizko ospitale horren egitura zehaztu behar da. Era berean, Asuncion ospitaleko langileekin zer gertatuko den jakiteko, adostasunak bilatu beharko dira langileen ordezkariekin eta komitearekin. Eta gauza bera egin beharko da ospitalearen kokalekuarekin ere».

Horretarako, «erronkaren neurriko partaidetza prozesua» ezinbestekoa dela esan du, eta ildo horretan, eskualde mailan parte hartzeko ireki den aukerari uko egitea ez duela ulertzen gehitu du: «Mugimendu horretatik kanpo geratzen dena herritarrei bizkar emanda ari da kudeatzen, eta adostasunik gabe, ez da posible izango eskualdeak behar duen kalitatezko osasun arreta publiko, integral eta euskalduna bermatzea».

Gabeziak agerian

Bestalde, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak esan du COVID-19ak «mahai gainean» utzi dituela «sistemak dituen gabeziak», eta erakundeen betebeharra dela desorekei aurre egitea: «Erakunde publikoetako ordezkariek desberdintasunei aurre egin, eta herritar guztiei kalitatezko osasun zerbitzua bermatu behar diete».

Hala, gogoratu du Tolosaldea dela ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra: «Horren aurrean, ziurtasun osoz diogu osasungintza publikoa dela kalitatezko zerbitzua berma dezakeen bakarra. Desorekak eta osasungintzaren pribatizazioak kezkatu egiten gaituzte».

Izagirreren arabera, «pozgarria» da alkateen mugimenduak egindako proposamena, eta ados daudela esan du, «eskualdeko herritarrei hitza eta erabakia emateko planteamenduarekin». Osasun zerbitzuaren kudeaketaren eskumena duten erakundeei «arduraz jokatzea» dagokiela adierazi du, eta Osasun sailari eskatu dio eskualdeko eskariak aintzat har ditzan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario