2023-11-08

«Osasungintzak ez du bakarrik adituen esku egon behar»

KONTXI REBOLLO ETA JAVIER ARANA. OPA PLATAFORMAKO KIDEAK

OPA koordinakundeak osasun publikoaren aldeko manifestazioak antolatu ditu astebururako. Diotenez, Osakidetza «aspalditik» ari da desegiten, eta egungo osasun sistema aztertu behar da.


OPA Osasun Publikoaren Aldeko koordinakundeak manifestaziora deitu ditu larunbaterako Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Mobilizazio horiek baliatuko dituzte Osakidetzaren pribatizazioa kritikatzeko eta osasun sistema berri bat proposatzeko. Dagoeneko 75 eragilek eman dute beren atxikipena. Javier Arana (Tolosa, Gipuzkoa, 1952) mediku oiha eta Kontxi Rebollo (Donostia, 1949) pentsiodunen mugimenduko kidea dira koordinakundeko kideetako bi.

Zergatik da zuen aldarrikapenetako bat osakidetzaren pribatizazioari buruzkoa?

JAVIER ARANA: Aspalditik desegiten ari direlako Osakidetza. Izan ere, dirua ateratzeko dauden aukera guztiak pribatizatuta daude: garbiketa zerbitzuak, jangelak, anbulantziak, dialisiak eta laborategiak. Kontua da ez dela nabarmena izan, poliki-poliki egindako zerbait baizik. Urte asko daramatzate ahalik eta modu isilenean hemendik eta handik pribatizatzen, eta horrela jarraitzeko asmoa dute.

KONTXI REBOLLO: Aipatzen dugun pribatizazio hori nola gertatzen ari den ulertzeko adibide bat jarriko dut: ezagun bat urologoarengana joan behar izan da, gaizki sentitzen zelako, eta zazpi hilabete barrurako eman diote kontsulta. Horrelako kasu pila bat dugu, eta, zerrenda horiek murrizteko, jendea pribatura bideratzen ari dira. Ez gara konturatzen mugimendu horrekin gure dirua osasun sistema publikotik pribatura doala, eta hori oso larria da, herritar guztiek hori kontuan izan beharko lukete.

Urte hasieran egindako manifestazioak ez du fruiturik eman?

ARANA: Apirilean ere kalera atera ginen: ez bazterrak nahastera, egoera salatzera baizik, jendea gaizki zegoen, eta haserre. Izan ere, ikusi dugu orain arte Osakidetza zoragarria zela, eta orain arazoz beteta dago. Gure mezua jaso zutela esan ziguten, eta gertatzen zena zuzenduko zutela, baina dena berdin dago: ez dute ezer egin nahi jendearen arazoak konpontzeko.

Zer arazo daude egunerokoan?

ARANA: Aurrez aurreko arreta egotea nahi du jendeak, ez teleterapia. Baina horri ez diote kasurik egiten.

REBOLLO: Dena Internet bidez egiteko saiakera horrek beste arazo bat dakar: herritarren artean arrakala digitala sortzen du. Beharbada, gazteek ez dute arazorik izango, baina nik ikusi ditut adineko emakumeak negarrez, ez dakitelako nola konektatu beren medikuarekin duten saiora.

Pribatizazioaren kontra agertzeaz gain, osasun sistema publikoa aldatzea proposatu duzue. Zer ardatz ditu sistema berri horrek?

ARANA: Egungo eredua aztertu behar da. Ezinbestekoa da, adibidez, lehen arreta indartzea. Izan ere, gero eta arrakala handiagoa dago lehen arretaren eta espezializazioen artean, zentzu guztietan. Horrez gain, argi dago itxaron zerrenden arazoa ez dutela konpondu pazienteak publikotik pribatura bideratuta. Beste irtenbide batzuk behar dira, arazoa behin eta berriz ez errepikatzeko.

REBOLLO: Lehen arreta indartzea dugu lehentasun, bai. Herritarrak gaizki sentitzen direnean jotzen duten lehenengo atea delako. Guk zera eskatzen dugu, eta funtzionatzen duela frogatuta dago, pertsona guztiek mediku bera izan dezatela beren bizitza guztian: arreta askoz hobea izango da, sendagileak eta pazienteak elkar ezagutuko dutelako. Baina argi utzi nahi dugu gu ez gaudela Osakidetzaren kontra, osasun publikoaren alde baizik.

Zaintza ereduaz ere baduzue zer erran eredu berri horretan, ezta?

REBOLLO: Guztiz bat egiten dugu mugimendu feministak aldarrikatzen duten zaintza sistema publiko, duin eta kalitatezkoarekin. Argi dago gaur egungo osasun sisteman dagoen zaintza eredua ere aldatu behar dela; oraingoarekin ez gara konpontzen.

Sistema berri hori nola ondu beharko litzateke?

REBOLLO: Argi dugu herritarrek ere parte hartu beharko luketela. Osasungintzak ez du bakarrik adituen esku egon behar, gure ahotsak ere hor egon behar du.

ARANA: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan arazoak izan ditugu, eta horiei erantzuteko hainbat talde eratu dira. Horiek guztiek esateko dutena entzun behar da, beraiek dakitelako beste inork baino hobeto.

Arazo zehatzago horien adibiderik?

ARANA: Tolosaldean, esaterako, hamabi urte daramatzagu gatazka batekin. Normalean, garai batean, eskualde batean osasunari lotutako behar handi bat zegoenean, ospitale bat eraikitzen zen bertan. Baina Tolosaldean ez da hala izan: herritarren beharrei erantzuteko Asuncion klinika publifikatu ordez, pribatuan dirua sartzen jarraitu zuten. Gure kasua izan zen Osakidetza pribatizatzeko lehenbiziko saiakera.

Eta hizkuntza eskubideei erreparatu diezue?

REBOLLO: Guztiz. Jende asko kezkatuta dago anbulatoriora joaten direnean ez dietelako euskaraz hitz egiten. Profesional batzuek badakite, bai, baina zortea izan behar da horrelako bat tokatzeko. Euskaraz arreta jasotzea bermatu behar da.

6 comentarios:

  1. Osasun sistema berraztertzeko deia egingo dute Donostian
    Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 8a, 10:01
    Osasun sistema berraztertzeko deia egingo dute Donostian
    Maiatzean Tolosan egindako osasun publikoaren aldeko manifestazioa.
    Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak larunbaterako mobilizazio deia egin du EAEko hiriburuetan; Donostiako manifestazioa 17:00etan aterako da Bulebarretik.

    https://ataria.eus/tolosaldea/1699366802446-osasun-sistema-berraztertzeko-deia-egingo-dute-donostian

    ResponderEliminar
  2. Osakidetzaren modeloa gaixorik dago, eta ez dira aldaketak egiten ari»
    Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 7a, 13:16
    OPAtik Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan manifestazioak antolatu dituzte. Donostian, larunbat honetan izango da, 17:00etan Bulebarretik irtenda.

    https://ataria.eus/tolosaldea/1699359531114-osakidetzaren-modeloa-gaixorik-dago-eta-ez-dira-aldaketak-egiten-ari

    OSASUNA

    ResponderEliminar
  3. Osasungintza publikoaren alde mobilizatuko dira larunbatean

    Osasungintza Publikoaren Aldeko plataformek manifestazioetara deitu dute larunbaterako (hilak 11) Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Donostialdeko Osasungintza Publikoaren Aldeko plataformak (DOPA) antolatu du Donostiako mobilizazioa, eta 17:00etan abiatuko da, Bulebarretik, Indartu dezagun Osakidetza. Diru publikoa osasun pribatura desbideratzeari ez lelopean.

    https://irutxulo.hitza.eus/2023/11/06/osasungintza-publikoaren-alde-mobilizatuko-dira-larunbatean/

    ResponderEliminar
  4. LA COORDINADORA DE PLATAFORMAS CIUDADANAS EN DEFENSA DE LA SANIDAD PÚBLICA “OCUPAN” EL DEPARTAMENTO DE SALUD Y LLAMAN A LAS MOVILIZACIÓN EN LAS TRES CAPITALES EL PRÓXIMO 11 DE NOVIEMBRE
    #sistemadecuidadospublicodignoeintegra

    ResponderEliminar
  5. Atzo mobilizazio ugari:
    Deusto, Rekalde, Santutxu, Bizkaiko Osasun Lurralde Ordezkaritza, Gasteiz, Bidasoa...
    Guztiak #osasungintzapublikoarendefentsan
    #zaintzasistemapublikoduinaetaintegrala

    ResponderEliminar
  6. Mireia Saiz
    Osasun Publikoaren Aldeko plataformako kidea

    «Osasungintza justizia soziala bermatzeko ardatza da»
    Osasun Publikoaren Aldeko plataformek mobilizazioak antolatu dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen larunbat honetan. Plataformako kide Mireia Saizek Osakidetzaren pribatizazioak aurrez zehazturiko bide-orri bati erantzuten diola nabarmendu du.

    https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20231107/osasungintza-justizia-soziala-bermatzeko-ardatza-da

    ResponderEliminar