2024-03-03

TOPAk nabarmendu duenez «ez da ospitale publiko bat» Tolosan eraiki asmo dutena


Osasun Batzordeko adierazpenei erantzuteko egin du agerraldia Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko plataformak, eta gogora ekarri ditu aldarrikapenak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Batzordeko adierazpenei erantzuteko agerraldia egin du Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak: «Sailburuak aurkezpenean esan bezala, Tolosan egiteko asmoa dutena ez da eskualdeko ospitale publiko bat, gainerako eskualdeetakoa bezalakoa; baizik eta erresoluzio handiko zentro bat –hau da, espezialitateetako anbulatorio moderno bat– oheak ere badituena».

Bide beretik, gogorarazi dute zentro berrian ez dela aurreikusten zerbitzurik ospitaleratzea behar duten kirurgia handiak egiteko eta traumatologiako ebakuntza handiak egiteko, besteak beste, aldaka, belaun eta sorbalda ebakuntzak. Nabarmendu dute «ohe batzuk izango baditu ere», horiek, paziente kroniko gaizkituentzako izango direla.

Aipatu duten beste gai bat da zentroak izango dituela larrialdietako zerbitzua eta espezializazio batzuetarako kontsultak, baina ez dela plantako zerbitzu medikurik izango: «Horrek esan nahi du antzeko eskualdeetako ospitaleetan baino heren bat langile funtzional gutxiago izango direla, eta azpiegiturak, beraz, asko txikiagoak izango direla».

Osasun Batzordetik proposatzen dutena uste dute «bigarren mailako kalitatea» duen zerbitzua dela, eta beste hainbat gai ere jarri dituzte mahai gainean: «Kokapen arazoak, oso leku txikia dela, trafiko handia dago inguru horretan...». Horrez gain, salatu dute ez dutela informaziorik jasotzen «azken unera arte» eta ez dutela «parte hartzeko aukerarik» ez herritarrek, ez erakundeek. Agerraldia amaitu dute borrokan jarraitzeko asmoa adieraziz: «Uste dugu borrokan jarraitu behar dugula eta manifestatu egin behar dugula joan den udaberrian bezala; lortu arte».

-------------------------------------

Erlazionatutako artikuluak:

 

Osasun sailburuak aurkeztutako plan funtzionala aztertu ondoren, TOPAk adierazpenak eman ditu Tolosako herritarrentzat.

1 comentario:

  1. ESKUALDEA

    Tolosalderako bigarren mailako osasun zentro berria eraiki nahi dela, uste du TOPAk
    aiurri 2024ko mar. 2a, 10:53
    Tolosalderako bigarren mailako osasun zentro berria eraiki nahi dela, uste du TOPAk
    TOPA plataformak (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) Osasun sailburuak Tolosalderako aurkeztu duen Plan Funtzionalaren gaineko iritzia eman zuen joan zen asteazkenean egin zuen prentsaurrekoan (28Kanalan-n, ikus liteke agerraldia). Garbi dauka “Sailak ez duela aintzat hartu Tolosaldeko herritarrek urtetan exijitutako eskaera bakar bat ere”.

    https://aiurri.eus/eskualdea/1709373234852-tolosalderako-bigarren-mailako-osasun-zentro-berria-eraiki-nahi-dela-uste-du-topak

    ResponderEliminar