2014-03-13

Tolosaldeko osasungintzaren arazoaren berri eman eta mahai bat osatzeko eskatu du TOPAk Batzar Nagusietan



Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuten atzo TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeko kideek Gizarte Politikako Batzordean, hain zuzen. Aldundiak berak proposatuta, Tolosaldeko osasungintzak duen arazoaren berri eman zuten eta, era berean, arazoari irtenbidea emango dion mahai baten sorrera aldarrikatu zuten, aferan inplikatuta dauden alde guztiak bilduko lituzkeena.

Batzordea amaitu ostean izan zen GARA TOPAko kideekin. Horiek gustura agertu ziren Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden indar politiko ezberdinen partetik jasotako harrerarekin, eta Gasteizko Legebiltzarrera egin dituzten bisiten aldean askoz ere hobea izan dela diote.

Taldeek interesa agertu zutela gehitu zuten, baita guztiek osasungintza publikoaren aldeko jarrera plazaratu zutela ere. Gauzak horrela, Gasteizko Legebiltzarrean edo Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten taldeen iritzi kontrajarriak nabarmendu zituzten, aferari dagokionez, bederen.

Gauzak horrela, eta konpromiso zehatzik hartzera iritsi ez baziren ere, oso pozik dira talde ezberdinek agertu zuten jarrerarekin. «Txalotu eta guzti egin gintuzten gure azalpenak entzun ostean eta horien gaineko galderak ere egin zizkiguten, modu onean beti ere», azaldu zioten GARAri.

Publiko bihurtzearen alde

TOPAko kideak, ordea, beren ideiei eusten diete eta erabat publikoak izango diren anbulatorio eta ospitale baten aldeko borrokan jarraituko dute. Zentzu horretan, Udaleko ordezkariek, Aldundikoek, Lakuakoek eta, finean, aferan zerbait esateko duten guztiek osatuko luketen mahai bat sortzearen aldeko eskakizuna egin zuten atzo. Mahai horretan Asuncion klinika publiko bihurtzea eskatuko luke TOPAk, nahiz bere helburu nagusia ospitale publiko baten eraikuntza izan.

«Ulertzen dugu, ordea, garaiak ez direla egokienak eta, ondorioz, gure eskakizunak ere, testuinguru honetan, aldatu egin behar izan ditugu», aitortu zuten. Ondorioz, etxeko lanak ongi eginda irten ziren TOPAko kideak batzordetik, pilota bertan ordezkatuta dauden talde politiko ezberdinen eskuetan utziz. Gainera, izan zuten harrera ikusita, baikor izateko arrazoiak dituztela uste dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario