2015-08-07

Apustua, Osakidetza Onkologian erreferente bilakatzea

Rebeka Ubera eta Eva Blanco 

EH Bilduko legebiltzarkideak

EH Bildun Osakidetza, osasun sistema publikoa, Onkologian ere erreferentea izatea nahi dugu. Bai diagnostikoan, bai tratamenduan, baita ikerkuntzan ere. Eta horretarako ditugun baliabide guztiak baliatu behar ditugula argi dugu, eta zalantzarik gabe, xede hori lortzeko Onkologikoa behar-beharrezkoa dugu. 

Bitartekoak baditugu, diru publikoa zein azpiegiturak. Onkologikoa baino azpiegitura hoberik –kokalekua, espazioak eta abar– etorkizunari ateak irekitzen dizkionik nekez bilatuko dugu. 

Onkologikoak berak ere aukera eman diezaguke epe ertain batera Nafarroako Osasunbidearen eta EAEko Osakidetzaren arteko elkarlanean jarduteko, minbiziaren aurkako borrokan ahalik eta eraginkortasun handienarekin aritzeko. 

Ez dugu uste gogoratu beharra dagoenik, baina ezin dugu ahantzi Onkologikoa, formalki pribatua den arren, jatorriz, izaeraz eta helburuz publikoa dela, Gipuzkoako erakunde nagusiek eta Kutxaren sortzaileek erein eta kudeatu baitute. Erakunde publikoek sortu zuten minbiziaren arretarako ospitale monografiko gisa eta diru publikoa erabiltzen da nagusiki (%80-85) beronen jarduera finantzatzeko. 23 milioi euro urteko, alegia. Inbertsio publikoa da, bai, beharrezkoa ere bai, baina oraindik ere Onkologikoa Osakidetzatik kanpo dago berez. 

Baina pentsa egunen batean Onkologikoaren jabea den Kutxa Fundazioak, izaera pribatua duenak, erabakiko balu Osasun Sailarekiko hitzarmena bertan behera utzi nahi duela, Onkologikoa itxi edo beste zerbaitetan jardutea nahi duela… Urteetako lana zaborretara botatzea izango litzateke. 

Edota, azken hilabeteotan ikusten ari garen bidetik, Onkologikoak zentro monografikoa izateari utziko balio. Egia esan, halaxe da dagoeneko, gainerako ospitale pribatuen molde berekoa bilakatzen ari baita, Jaurlaritzak diru publikoa erabiliz negozio pribatua bermatuz. Hala ohartarazi dute Onkologikoko langileek Legebiltzarrean eta hala erakutsi du Onkologikoak berak komunikabide batzuetan argitaratutako hainbat erreportajetan. Osasun Sailaren eta Onkologikoko arduradun nagusien «ez egiak» agerian utzita, argi geratu da zentroaren izaera publiko eta monografikoari eutsi nahi dioten bertako mediku eta langileek arrazoiak dituztela kezkatuta egoteko. 

Zoritxarrez, Onkologikoa pribatizatzeko arriskua areagotzen ari da, eta arriskua errealitatea bilakatzen ari da abiadura handian Jaurlaritzaren laguntzarekin. Urkulluren Gobernuak uko egiten dio Onkologikoa Osakidetzan integratzeari, integrazio estrukturalari, alegia, baina etorkizuna bide horretatik dator ezinbestean, eboluzio normal batek hala eskatzen duelako, baldin eta egunerokoan Osasun Sailak agindutako «integrazio funtzionala» abian jarri eta aurrera eramaten bada: Donostia Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Zerbitzuaren eta Onkologikoaren arteko elkarlana bere osotasunean burutuz eta eskura ditugun bitarteko guztiak baliatuz. Horren etekina orokorra litzateke, bai eta Donostia Ospitaleko beste sail batzuetan ere. Eta argi gera dadila: Onkologikoa sare publikoan integratzeak ez du esan nahi bertako langileak Osasun sistema publikoan atzeko atetik sartu behar direnik. 

Hala ere, Onkologikoan ikusten ari garen eboluzioa kontuan hartuta, agian ez da integraziorako aukerarik egongo, bertako hainbat espazio okupatzen (pribatizatzen) hasi direlako bestelako diziplinak ezartzeko, horrela bere izaera monografikoa galdu arren. Bada, konturatzen garenerako berandu izan daiteke Onkologikoa Osakidetzan integratzeko. Bertako espazioak pribatizatzea eta diru publikoa negozioa egiteko erabiltzea helburu duen okupazio horren aurka gaude, baina, tamalez, horretan dihardu une honetan Onkologikoa Fundazioak sortu duen «Logik» marka berriaren bidez. 

Hori guztia dela-eta, gero eta argiago dago Osasun Sailaren eta Onkologikoa Fundazioaren arteko hitzarmena ez doala Onkologikoa Osakidetzaren egituran integratzeko norabidean. Izan ere, inbertsio publikoa erabilita, Kutxak, institutuaren jabetza duenak, etekin pribatua besterik ez du bilatu eta, are okerrago, Jaurlaritzak hala izatea onartu du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario