2018-01-09

Asuncion klinikako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute


Imanol Garcia Landa Tolosaldeko Ataria

2018-01-08
Biharko eta etzirako greba deialdia egin dute langileek, eta manifestazioa deitu dute etzi arratsalderako


Asuncion klinikako langileek biharko eta etzirako aurreikusita zituzten mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute. Abenduaren 13 eta 20an aurrera eramandako lanuzteek langileen aldetik «erabateko jarraipena» izan zutela adierazi dute. «Ondorioz, enpresak negoziatzera deitu gintuen. Hala ere, aurkeztu ziguten proposamena gure aldarrikapenetatik oso urrun aurkitzen da», azaldu dute langileek, eta akordiorik lortu ez dutenez, bihar eta etzi greba egingo dutela azaldu dute. «Greba hau Inviza enpresako zuzendaritzak bere langileekiko duen interes faltaren ondorioa da», zehaztu dute.


20 urte hauetan klinikaren garapenean aurrerapausoak eman badira «langileon konstantzia eta profesionaltasunari esker» izan direla azaldu dute. «Baina ezin dugu gauza berdina esan guren lan baldintzen garapenari buruz, azken urte hauetan gure lan baldintzen prekaritate sistematikoa bizitzen ari baikara Montoya eta bere lagunen aldetik».

Invizako langileak joaten ari direla salatu dute, «sozialki ezaguna den bezala, dituzten lan baldintza txarren ondorioz». Traumatologiako medikuekin gertatutakoa «adibide garbia» dela diote: «Asuncion klinikako traumatologia zerbitzua hanka motz geratu da, zuzendaritzaren arduragabekeriaren ondorioz». 

Langileek 2012-2016 urte bitartean ez dutela inongo soldata igoerarik izan salatu dute: «Gure eroste ahalmenaren galerak ez du etenik izan». Urteko lanaldia 1.670 ordutakoa dela diote, «asteko 35 orduetatik oso urrun kokatzen garelarik», eta 2010. urtetik lanaldietan ez dutela murrizketarik izan gaineratu dute. «Pertsonal falta, kontratuen irregulartasuna eta lan zamaren handitzea gure egunerokotasunean egonkortu dira», azaldu dute. Egoera «larri» horren aurrean zuzendaritzari ondokoa eskatzen diote langileek: «Eroste ahalmena berreskuratzeko benetako pausoak ematea. Urteko lanaldia 1.592 orduetara gerturatzeko pausoak ematea, pertsonala handitzea, hauen kontratazioa erregularizatzea eta lan zamak hobetzea». 

Langileen helburua «Tolosaldeko 65.000 biztanleei kalitatezko osasun zerbitzua eskaintzea» dela azaldu dute. «Enpresarena, berriz, langileon lan baldintzak eta osasun zerbitzuak prekario bihurtuz dirua irabaztea. Kalitatezko osasun zerbitzu bat eman ahal izateko ezinbestekoa da gure lan baldintzak hobetzea». 

Asuncioneko langileek hainbat mobilizazio egingo dituzte bihar eta etzi Tolosan eta Andoainen, eta bihar arratsaldean manifestazioa egingo dute. Langileek Tolosaldeko herritarrei deia egin diete beraien borrokara batu eta biharko manifestazioan parte hartzera. «Hitzarmen duin baten alde» borrokan ari direla eta osasuna ezin dela «negozioa» izan gaineratu dute langileek. Bide batez, langileek salatu dute oraindik enpresak ez diela zehaztu gutxieneko zerbitzuetan zeinek lan egingo duen. «Hau da enpresa honek horrelako egoeretan adierazten duen seriotasuna», gaineratu dute.

Mobilizazioak

Urtarrilak 9, asteartea
08:00-10:00. Elkarretaratzea klinikan.
10:30-11:15. Elkarretaratzea Andoainen.
11:45-12:30. Elkarretaratzea Belaten (Tolosa).
16:00-16:45. Kotxe karabana Andoainen (Eroskiko aparkalekuan elkartuko dira).
17:00-18:00. Kotxe karabana Tolosan, klinikatik.

Urtarrilak 10, asteazkena
08:00-10:00. Elkarretaratzea klinikan.
10:30-11:15. Elkarretaratzea Andoainen.
11:45-12:30. Elkarretaratzea Belaten (Tolosa).
18:00. Manifestazioa, Tolosako udaletxean hasi eta jubilatuen plazara arte. Parte hartzaileei txilibituak, bozinak... edo zarata egiten duen edozer eramateko eskatu diete.


------------------------------

Erlazionatutako albisteak - Noticias relacionadas

No hay comentarios:

Publicar un comentario