2018-01-21

Tolosaldeko osasun arretaz aritu dira Holandan

EH Bilduko bi ordezkari joan dira Europako ezkerrak osasun publikoaren inguruan antolatu duen jardunaldietan aritzeko.
Europako ezkerrak antolatutako jardunaldietan aritu da Karlos Ibarguren
EH Bildu koalizioko Eva Blanco legebiltzarkideak eta Karlos Ibarguren osasun arloko arduradunak Holandako Hilderverg hirira eraman dute, gaur, Tolosaldeko osasun arretaren kasua. Europako ezkerrak osasun publikoaren inguruko jardunaldiak egin ditu bertan, Europako Parlamentuaren jardunaren barruan, eta koalizioko kideek parte hartu dute. EH Bilduko kideek eskualdeak bizi duen egoeraren berri eman dute jardunaldietan, osasunaren pribatizazioaren adibide gisa.

EH Bilduk azaldu duenez, «bereziki grafikoa eta larria» da Tolosaldean gertatzen dena. «Tolosaldea da Gipuzkoan eskualde bakarra ospitale publikorik ez duena eta Osasun sailak hutsune hori enpresa pribatu baten bitartez betetzen du», gaineratu du.

Horiek horrela, enpresa pribatu batek, Invizak kasu honetan, ospitale bat kudeatzeak «ondorio nabarmenak» dituela azaldu dute. «Asuncion klinikako langileen lan baldintzek atzera egin dute, material zein osasun azpiegituretan murrizketak egiteko arazorik ez dute, hizkuntza ofizialetako batek, euskarak, ez dauka besteak duen estatus bera...», esan du koalizioak.

Osasun publikoa defendatzeko 2011n sortutako TOPA plataformaren lanaren berri ere eman dute eta bere eskaera eraman du jardunaldietara: «Jaurlaritzak Inviza enpresari bideratzen dizkion 20 milioi euro publikoak Jaurlaritzak kudeatzea zuzenean, bitartekaritza pribaturik gabe». 

Gaurko jardunaldietan beraz, osasun arreta publikoa pixkanaka pribatizatzeak izan ditzakeen arriskuez hitz egin dute hizlariek. «Euskal adibide honekin batera Europako beste hainbat herrialdetan osasun publikoa defendatzeko sortutako herri mugimenduen kasuak aztertuko dira», gaineratu du EH Bilduk.

No hay comentarios:

Publicar un comentario