2018-08-31

Osasun Publikoko Lege bat ezartzeko aukera lantzen ari direla aipatu du Darponek



Lehen berri moduan, Osasun sailburuak Osasun Publikoko Lege bat edukitzeko aukera aipatu du. Darponek azpimarratu du erakunde arteko osasun publikoko tresna normatibizatu batean ari direla lanean, gero eta garrantzitsuagoa baita herritarrei arreta hobea bermatuko dien osasun publiko bat edukitzea. Hala adierazi du gaur Onda Vasca irratian eskainitako elkarrizketa batean.

Bestalde, Osakidetzaren 35. urteurrena gogoratuz, Euskal Osasun Zerbitzuak izandako bilakaera handia azpimarratu du Sailburuak. Darponek azaldu du datozen hilabeteetan hainbat ekitaldi egingo direla, ekitaldi zientifikoak -osasun-profesionalak omentzeko- zein, herritarrei begira, kutsu instituzional handiagoa izango duten ekitaldiak.

Aurtengo udan hauteman diren Leptospira izan daitezkeen bost kasuei dagokienez, Osasun sailburuak azaldu du bost pertsona horiek ondo daudela eta horietako bakarra ospitaleratu behar izan zutela. Bide batez, Darponek ñabartu du bainatzeko baimendutako guneak erabiltzea gomendatzen dela;"ez dauka zentzu handirik baimenduta ez dauden gune zingiratsuagoetan bainatzeak", gaineratu du.

LEPei dagokienez, Sailburuak esan du Osakidetzak uda osoan lanean jarraitu duela eta une honetan zabalik dauden lau espedienteak mamitzen jarraitu duela. "Irailean zehar, erabaki guztiak hartzea eta erabaki horiek Legebiltzarrari eta herritarrei jakinaraztea espero dugu", azaldu du Darponek.

Osasun sailburuak, aurreko hiruhileko proiektuak aipatuz, Biocruces Bizkaia osasun-ikerketako institutuaren inaugurazioa azpimarratu du;eta "euskal herritarren osasuna, oro har, hobetuko duen oso mugarri garrantzitsu" bezala kalifikatu du. Horretaz gain, Zerbix Minbizia Goiz Detektatzeko Programa eta Onkologiako Plan Integrala ere aipatu ditu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario