Itzea Urkizu Arsuaga TOLOSALDEKO ATARIA
Hilabete honetan amaituko da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Asuncion klinikak 2011n sinaturiko hitzarmena, eta TOPAk eredu aldaketaren aldarriari eutsiko dio.
| 2011n ekindako bideari eutsi nahi diote, hitzarmenari alternatibak eskainiz. |
Hilabete honetan du epemuga, 2011. urtean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Invizak sinaturiko hitzarmenak. Urte hartan bertan piztu zen, Tolosaldean, osasun sistemaren kudeaketa aldatzeko gizarte mugimendua eta, beren aldarrikapenen txanparik garrantzitsuena iritsi da. Horrela, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak azarorako agenda plazaratu du agerraldi batean: «Oso une garrantzitsuan gaude, jokoan baitago guk eta gure familiek jaso behar dugun osasun arretaren eredua».
Urteotan guztiotan, hainbat izan dira koordinakundeak egindako txosten, mahai inguru eta mobilizazioak; ordezkari politikoekin ere bildu izan dira, eskualderako kudeaketa publikodun ospitale publikoa eskatzeko. Horrela, datozen egunetarako ere antzeko hitzorduak iragarri dituzte, helburu bakarrarekin: gaur egungo baldintzetan, hitzarmena berriro sinatu ez dezaten.







