2011-03-29

HITZA (PRENTSAURREKO ARGITARAPENAK / PUBLICACIONES DE LA RUEDA DE PRENSA)

Hainbat eragilek ‘Tolosaldea osasun publikoaren alde’ plataforma sortu dute

2011/03/28
Nork Tolosako Hitza

Osasun publikoa defendatzeko ‘Tolosaldea osasun publikoaren alde’ izeneko plataforma osatu dute hainbat eragilek: Amarotz auzo elkartea, Arpegi,Berdinbide, Bilgune Feminista, Bonberenea, CCOO, ELA, Euskal Herria Sozialista, Ezker Abertzalea, Herria Abian, LAB, Osasun Publikoko langileak, Tolosako denbora-bankua, Zahartzaro Duinaren aldeko plataforma. Plataforma larunbatean aurkeztu zuten jendaurrean, prentsaurreko baten bidez. Gainera, prentsaurrekoan datozen hilabeteetarako hainbat ekitaldi antolatu dituztela ere azaldu zuten.
Plataformak «Tolosaldea, Euskal Herri osoan, osasun sare publikoaren barnean, eskualdeko ospitale bat ez duen eskualde bakarra» dela salatu zuen. Tolosaldeak eskualdeak zituen beharrei erantzuten zien Espezialitateen anbulatorio bat zuen arren, honen «desagerraraztearen joera» nabaria dela ere adierazi zuten. Urologia edo oftalmologia espezialitateak, esate baterako, lekuz aldatu dituztelarik.
Bestalde, Osakidetzak Tolosaldearekin «zorra» duela ere esan zuten. «Tolosaldeko bizilagunek Osakidetzari gainontzeko euskal herritar guztiek bezala» ordaintzen badiete ere, zerbitzua «eskasagoa» dela ziurtatu zuten.
Plataformak zentro publiko batek eskaintzen duen zerbitzua, zentro pribatu batek ematen duena baino «hobea» dela esan zuten. Baita «justuagoa» ere, zentro pribatua, «etekin ekonomikoa lortzeko» bideratuta baitago. Azkenik, gainontzeko eskualdeek duten moduan «eskualdeko ospitale publiko eta behin betiko bat» ere eskatu zuten.
Datozen hilabeteetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Esate baterako, laster, balkoietan jartzeko osasun publikoaren aldeko banderolak jarriko dituzte salgai, 5 eurotan. Apirilaren 2an Tolosako Trianguloan eta 16an Ibarran, firma bilketa bat egingo dute. Maiatzaren 5ean, mahai inguru bat egin nahi dute alderdi politiko guztiekin. Eta, 14an manifestazioa egingo dute, 12:00etan, Trianguloatik abiatuta.

http://tolosa.hitza.info/2011/03/28/hainbat-eragilek-‘tolosaldea-osasun-publikoaren-alde’-plataforma-sortu-dute/

No hay comentarios:

Publicar un comentario