2011-05-11

HITZA (ARTIKULUA)

HITZA

Bilduk osasun publikoa nahi du eskualderako

Astearte arratsaldean, Bilduko eskualdeko nahiz foru adundirako hautagaiek agerraldia egin zuten Tolosako anbulatorioaren aurrean, «osasun publiko baten zerbitzurako eskualdeak duen eskubidea aldarrikatzeko».
Bildu koalizioko zerrendakideek, Euskal Herriko gainerako eskualdeek dituzten osasun zerbitzu berak, Tolosaldean izatea eskatu zuten: «pribatizazio prozesuari stop esateko garaia dela uste dugu».
Era berean, agerraldian azken hilabeteotan Tolosaldean sortu den Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundearen lana «txalotu» zuten, eurekin bat egiten dutela nabarmenduz. Herritrrak beren gisara antolatu eta oinarrizko eskubideen alde lan egiteak «izugarri pozten» dituela adierazi zuten Bilduko kideek.
Bildu koalizioa bera, eta Bildu osatzen duten familia politikoak, «ezkerrekoak izaki», osasunaren izaera publikoa «beti aldarrikatu» izan dutela diote; osasuna unibertsala izateko eta herritarren osasun eskubideak bermatzeko bide bakartzat dute zerbitzu publikoa.
Hau guztia dela eta, Bilduk «bat egiten du» Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak azken asteotan eskualdean zabaldu dituen aldarri eta eskaerekin. Lehenik eta behin, «eskualdeak ospitale publiko baten beharra» duela nabarmendu zuten, eta bide beretik, mediku espezialisten zerbitzuak publikoa izan behar duela ere bai: «azken finean osasuna ez da negozioa, eskubidea baizik».
Harturiko erantzukizuna
Datorren maiatzaren 22tik aurrera, Bilduk herritarren artean sortutako «koordinakunde honen aldarrikapenekin bat egiteaz gain, koordinakundearekin lan egiteko erantzukizuna» hartu zuen Tolosako abulategian egindako agerraldian.
Azkenik, datorren larunbatean, maiatzak 14, Triangulotik 12:00etan irtengo den osasun publikoaren aldeko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zieten eskualdeko herritar guztiei.

http://www.tolosaldekohitza.info/

No hay comentarios:

Publicar un comentario